“Euskaraz!” …?

Azkenaldian sarean, zenbait banerretan, eta Argia aldizkarian topatzen ari naizen Bizkaiko Foru Aldundiaren publizitate kanpaina batek zera errepikatzen digu behin eta berriz: “gure artean euskaraz!”.

Harridura berezia sortu izan didate beti, euskaraz hitz egin dezagun sustatu nahi, eta horretarako, harridura-markak baliatzen dituzten mezuek.

Benetan uste al dugu titular edo lelo baten amaieran harridura-ikurra jarrita eragingarriago egiten dugula gure mezua? Esango nuke, oso alderantziz gertatzen dela: (h)aginduzko formaren itxura hartu ohi dute halako harridurazko perpausek, eta mezua indartu bainoago, haren gaineko arbuioa, errefusa, eragiten dute sarritan.

Ezina erakusten dute, gainera, nire ustez, harridura-marka (marru?) horiek guztiek. Konbentzitu, pertsuaditu, limurtu baino gehiago, (h)agindu edo indarrez inposatu nahi denean, ez da izaten ez xede-taldearenganako begiramenik ez eta komunikazio estrategia onak sortzeko adimena ere; eta eraginkortasunaren kaltetan jokatu ohi dute hutsegite horiek, noski.

Bazkaritan, eskuarekin mahai gainean indarrez jo eta “etxe honetan euskaraz!” marru egiten duen aitak lortuko du beharbada seme-alabek bere aurrean itxurak gorde ditzaten; sekula ez du lortuko, ordea, ez behintzat bide horretatik, euskara konbentzimenduz eta gogoz, beti eta nonahi erabil dezaten.

Galdetuko balie, esaterako, “zergatik ari zarete erdaraz?” lasai eta nolabaiteko interesa erakutsiz, edo “adibide ona” emango balu euskara jator eta goxagarrian hitz eginez, beste mekanismo batzuk behintzat jarriko lituzke martxan ziurrenik seme-alabengan.

Esan nahi da, “euskaraz eta kitto!” estrategiak ez duela benetan inongo eraginkortasunik eskaintzen, zeharo pobrea suertatzen dela komunikazioaren ikuspegitik begiratuta. Eta zoritxarrez, oraindik ere bizirik dirauela gure artean.

Ez naiz hemen luzatuko (ez gaur behintzat) komunikazio estrategia ondo eraiki batek zernolako egitura eta baldintzak bete behar dituen azaltzen. Komunikazio estrategia sendo batek sekula nora eramango ez lukeen erakusteko, ordea, adibide bat ekarriko dut.

Txikia zen iragarkia, Berriaren azalean topatu nuen joan den abuztuaren 5ean Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak izenpetuta, eta honakoa zuen mezu guztia (inongo irudirik gabe):

Hartu zure
konpromisoa,
euskara erabili!

Irakurtzen dudan bakoitzean are handiagoa bihurtzen zait harridura.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s