Euskararen kalitatea (publizitatean)

euskararen kalitateaGaur aurkeztu dute Donostian Andoni Egañak, Joxerra Garziak eta Kike Amonarrizek euskararen kalitateari buruz, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak hala eskatuta, idatzi duten txostena: “Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako”.

Bertan, kontu ugari aipatzen dira euskarazko publizitatea egiten dugunok ere aintzat hartu behar genituzkeenak (publizitate itzultzaileek barne). Eta bide batez esanda, zinez eskertuko nuke liburuak eraginik izango balu euskaldun publizitariook sortzen ditugun titular eta testuak “zuzentzen” dituzten zenbait enpresetako “euskara arduradunengan”… (Zenbat pasadizu jasan ote ditudan Zuzentasunaren izenean!)

Euskarazko publizitatearen esparrurako propio, bi aholku edo proposamen ere egiten dira txostenean. Amaiera aldera, lan ildoak proposatzerakoan, honakoa diote zehatz-mehatz egileek Euskararen Aholku Batzordeak bere egin duen testuan:

1.- “Iragarle euskaldunak (eta batez ere erakundeak) ohartarazi ezinbestekoa dela euskararen presentzia hasiera-hasieratik bermatzea publizitate prozesuetan.”

2.- “Orobat ohartarazi publizitatean zuzentasuna eta jatortasuna egokitasunaren zerbitzuan daudela beti, eta ez alderantziz.”

Bigarren aholku horrek txostenaren tesi nagusia ekarri nahi du publizitatera (zinez poztuko ginateke lortuko balu), eta aurrenekoa, berriz, zeharo bat dator hemen behin eta berriz errepikatu dugun ideia batekin: publizitate kanpaina osoa erdaraz pentsatu eta moldatu ostean, azkeneko unean euskaratzen baldin bada (ia beti egin ohi den bezala), horrela ezingo da inoiz ez kalitatezko publizitaterik egin euskaraz ez kalitatezko euskara zabaldu publizitatearen bitartez.

Hona hemen, norabide horretan, proposamen oso konkretu bat, praktikara erraz eramateko modukoa:

Iragarle euskaldunek (erakundeek batez ere) eskatu behar diete publizitate agentziei zera, sormen proposamena aurkezten dieten une berean, erakuts dezatela proposatutako ideiak euskaraz (ere) primeran funtzionatzen duela. Ideiak ezingo du balio, jakina, agertuko den hizkuntza guztietan funtzionatzen ez badu.

Askok beren publizitate kanpainetan hizkuntzaren erabilera sexistarik ez egiteko esijitzen duten bezalaxe, berdin-berdin eska dezakete euskararen presentzia ez dadila anekdotiko hutsa izan, baizik eta funtzionala eta eraginkorra.

Advertisements

2 Erantzun to “Euskararen kalitatea (publizitatean)”

  1. pilar Says:

    Azken unean eta estu eta larri iritsi ohi dira “euskarazko originalak” (bitxia gero original deitzea kopia hutsari, baina tira) publizitate-kanpaina ia guztietan. Diozun bezala, horrela nekez izango da kalitatezkoa euskarazko publizitatea. Baina ez bakarrik euskarazkoa: iragarleak nekez lortuko du kalitatezko kanpaina, bere osoan, oinarri-oinarrizko baldakeria hori ontzat ematen badu.
    Arazoa ez da bakarrik euskarazko kanpainaren kalitatea, kanpaina osoarena baizik.
    Nik uste…

  2. Iñigo Fernández Ostolaza Says:

    Zeharo ados, Pilar. Publizitatea euskaraz (ere) ondo zaindu gabe, ezin da publizitate kanpaina borobilik egin hemen.

    Eta hori ikusarazi behar genieke iragarleei. Euskaldun guztiok, euskarazko publizitate ona egiten duten markak sarituz/kontsumituz; eta profesionalok, foro egokietan argudioak emanez.

    Publizitatearen munduan bada esaldi oso famatu bat honela dioena gutxi gorabehera: “badakit publizitatean inbertitzen dudanaren erdiak ez duela ezertarako balio. Baina ez dakit zein erdi den hori”.

    Batzuek diote John Wanamaker-ek bota zuela, publizitate modernoaren aitzindariak (1922. urtean hil zen). Edozein kasutan, aspalditik datorren eta oraindik maiz aipatzen den esaldia baldin bada hori, egiaren bat gordetzen duelako izango da.

    Inbertitzen den erdiak ez badu ezertarako balio, eta gainera, kanpainaren erdia, herena edo dena delako zatia euskaraz zabalduko baduzu, ez duzu uste arreta handia (gaztelerazkoari eskaintzen diozunaren adinakoa, ez gehiago eta ez gutxiago) eskaini beharko zeniokela, baita ere, euskaraz egingo duzun publizitatearen zati horri?…

    Eta bestalde, ondo egindako euskarazko publizitateak eragiten dituen emaitza kualitatiboak ez dira/ditugu neurtu oraindik, eta zenbait ikerketen arabera, hizkuntza bera hitz egiteak batzen ditu gehien bi pertsona ezezagun. Ez omen dago beste zerarik bi pertsona ezezagunen arteko identifikazioa gehiago estutzen duenik…

    Marka baten eta kontsumitzaile baten arteko lotura ahalik eta handiena erdiesteko edozein bide aztertzeko prest dagoen mundu batean, ez da makala datu hori. Oraindik inork ez du(gu), ordea, behar bezalako seriotasunarekin hartu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s