Marcos komandanteordea, komunikazioan aditu (I)

ezlnAtzo, bat-batean, EZLN albiste izan zen berriz, han eta hemen. Eta gaur ere eman dute zapatisten berri. Albiste hauek, berez eduki dezaketen interes informatiboaz gainera, arretaz jarraitzeko modukoak izaten dira komunikazioa interesatzen zaion edonorentzat, batik bat Marcos komandanteordea tartean denean.

Askorako ematen dute zapatistek, eta Marcos berak bereziki, komunikazioaz ari garela. Maisu da komandanteordea eremu honetan. Komunikazioa ekintzarako ardatz estrategiko gisa hartuta, antiglobalizazioaren ikono bihurtzeraino eraman du mugimendu indigena, eta Marcos bera ere mundu mailako boteregune politiko eta ekonomikoen kontrako erresistentziaren ikono da honezkero.

Marcosek berak esana da: Publizitate teknikak erabiltzen jakin behar du gaur politikari batek. (…) Publizitate global moduan gauzatzen da politika modernoa.

Esan eta egin. Diskurtso politiko iradokitzaile eta original batekin eta publizitate teknikak erabilita, inoiz erakunde, gizarte-eragile edo dena delako taldek lortu ez duen oihartzuna erdietsi dute EZLNek eta Marcosek berak mundu osoan, batere dirurik gabe, sormena erabiliz.

Terrorismoan erori ez izana jotzen dute adituek, besteak beste, EZLNren arrakastaren ardatz nagusitzat. Eta egia da, mugimendu zapatistaren aro markistan (hitzaren bi zentzutan) komunikazio estrategiaren menpe egon dira beti armak.

Are gehiago, haien 1994. urteko urtarrilaren bateko matxinada ospetsua (indarkeria erabili zuten une bakarra, bi astez, EZLN ezagutzera eman zutenetik orain hamar urte) gehiago izan zen efektu-kolpe bat, indigenen egoera eta eskaerak mundu osoan zabaltzeko komunikazio ekintza bat, benetako iraultza-ahalegin bat baino gehiago (besteak beste 2.000 gerrillari besterik ez zirelako halako helburu potolo bat lortzeko).

Beren borroka gaur egungo testuinguru historikora egokitzen asmatu zuten orduan Chiapaseko indigenek, eta asmatzen jarraitzen dute oraindik. Marcos komandanteordearen komunikaziorako dohai ikaragarriari esker batez ere.

Iñigo Aranbarrik argi du, hemen idatzita utzi zuenez:

Propagandan dago arrakastaren gakoetako bat. Etiketei itzuri eginez, estetikaren garrantziaz ohartu eta publizitateak bere-bereak dituen baliabideetara jo izan dute («Ikus gaitzazuen estali ditugu aurpegiak»); Elia Kazanek berak mito neurrira igoa zuen Zapata jeneralaren ikonografiaz baliatu dira; ez dutela botererik nahi aldarrikatuta, ohituta ez gauden parametroetan ari dira; maizturik zen hizkera politikoa berritu dute, agiriek gehiago dute literaturatik panfletotik baino… eta agian giltzarik garrantzitsuena: indigena ez den bat dute bozeramaile, misterioz eta dotoretasunez, harrokeriaz eta xarmaz, baina batez ere «kanpoko munduan» gustagarri egiteko moduan mintzo den Marcosekin asmatu dute. Aipatu puntuek eta urteotan atentatuetera ez jotzeak egin ditu begiko zapatistak. Eta zuzentzearen poderioz, ikasi dugu: ez da matxinada indigena bat, osoro ulertu beharreko beste zerbait baizik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s