Marcos komandanteordea, komunikazioan aditu (II)

MarcosGazte askok janzten dituzte Marcosen irudia daramatzaten kamisetak, MTVk haren agerraldiak emititu izan ditu, Benettonek publizitate kanpaina baterako kontratatu nahi izan zuen… Zer du Marcos komandanteordeak ia pop ikono izateraino iristeko?

Eta ez hori bakarrik, noski. Guztiok ikasi genuen non dagoen Chiapas, larri bizi direla hango indigenak, zer den gutxi gorabehera zapatismoa… Zer egin dute EZLNek eta Marcosek hori lortzeko? Komandanteordearen komunikaziorako gaitasun harrigarriari zor zaio, hein handi batean, haien mundu mailako arrakasta mediatikoa.

Marka bat da Marcos, izenarekin batera beti haren claim edo ikurritza daramana: Sub Marcos. Horixe du posizionamendua: “Komandanteen ordenak betetzen dituen komandanteordea” da Marcos bere hitzetan (Komandanteak indigenak dira guztiak). Lidertzat baino, herriaren zerbitzaritzat aurkezten du bere burua, beraz, Marcos komandanteordeak (“soy un revolucionario de a pie”).

Beti berbera du sinadura, eskutitz, hitzaldi, ipuin eta abarretan, eta EZLNren bozeramale gisa izenpentzen duenean, honako mezua gaineratzen dio hari beti: “Desde las montañas del Sureste Mexicano”. (Oihana, gune aske eta sistematik kanpokoa, klandestinitatearen sinbolo gisa).

Nolabaiteko irudi korporatiboa ere badu Markos komandanteordeak: gerrillari janzkera, mozorro edo pasamontañas ezaguna, pipa… Heroi enmaskaratuak anonimotasuna bilatzen du, jendeak kausa bat ikus dezan heroi bat baino gehiago. “Lehen ez gintuen inork ikusten. Aurpegiak estalita dauzkagulako ikusten gaituzte orain”.

Hizkera zeharo propioa ere badu Marcosek, konfundigaitza. Tonu lasaian, ironikoki eta adeitsuki, hizketamodu erakargarrian jarduten du, liriko samar tarteka, zuzenean gauza potoloak esanez marteka, dotore ia beti. (Indigenak, esaterako, “lurraren kolorekoak” dira Marcosen ahotan; Gabriel García Márquez idazleak adina gelditu zionean, 518 urte zituela erantzun zuen, espainiarren kolonizazio garaia gogora ekarriz…).

Originala da bere diskurtsoa. Ez marxista ez leninista eta ez beste mugimendu zaharkituren baten oinordekoa, originala eta berria baizik. Hala ematen du behintzat, hala bizi du jendeak, eta horregatik lortu ditu indigenen mugimenduak jarraitzaile ugari han-hemen.

Munduko bazter guztietako pertsonaia ospetsuak mugimendu zapatistaren alde jartzen eta mantentzen ere asmatu du Marcosek, munduko bazter ezberdinetan enbaxadore lana egiten dietenak nolabait: Noam Chomsky, Oliver Stone, Rigoberta Menchú, Danielle Miterrand, Alain Touraine, José Saramago, Manuel Vázquez Montalbán, Ignacio Ramonet, Regis Debray, Edwar James Olmos, Werner Herzog…

Manu Chao, Joaquin Sabina eta Carlos Santana bezalako kantariak eta beste musika talde askok ere zapatisten kausa zabaltzen lagundu dute. Marcos komandanteordeak eta indigenek konprometitu gisa agertzen laguntzen diete aipatu ospetsu guztiei, “benetako ezkertiar labeldun” bihurtzen dituzte nolabait, eta EZLNk oihartzuna lortzen jarraitzen du trukean.

Asko eta asko idatzi du, gainera, Marcosek, komunikabideetan presentzia lortu eta dosifikatuz, jendea mobilizatuta eta kontzientziak piztuta edukitzeko, inor nekatu gabe baina isiltasun edo ausentzia luzeegitan erori gabe, komunikazio ekintza berezi eta eraginkorrak eginez.

Utzi iruzkina