Euskal fashion

fashionBiktimaAtzo jakin nuen, Berriaren Tartea gehigarrian irakurrita, hemengoa dela Skunkfunk arropa marka. Gernikako lagun batzuk sortu omen zuten, orain hamar bat urte. Ezagutzen nuen haien webgunea -hamar hizkuntzatan dagoena-, izana nintzen baita ere beren hemengo denda batean, eta konturatuta nengoen arretaz zaintzen dutela euskara.

Pozgarria egiten zait halako marka gazte, berritzaile eta urbano batek euskara normaltasunez erabiltzen duela ikustea (lehenesten ez duen arren), uste dudalako halako marka eta produktuak behar ditugula euskara benetan gazte eta erakargarri ager dadin plaza publikoan.

Horregatik poztu nintzen orain dela gutxi, oso antzeko beste deskubrimendu batekin. Beste arropa marka gazte, frexko eta moderno bat topatu nuen, Beste bat, izen euskalduna izateaz gainera, bere webgunean behintzat euskaraz ere hitz egiten diguna.

Adierazle onak dira webgune korporatiboak marka jakin batek hizkuntza bati ematen dion (edo ez dion) garrantzia ikusteko. Izan ere, sarea baita edozeinek bere mezuak hizkuntza batean baino gehiagotan gizarteratzeko duen bitartekorik merkeena. (Euskaraz jakin gabe ere, nahikoa baita testuen itzulpena eskatu edo ordainduta).

Kukuxumusu marka ezagunaren webgunea, adibidez, hiru hizkuntzatan dago, baina ongi etorri orrialdea gazteleraz dauka goitik behera. Webgunearen euskarazko bertsioan, gainera, gaztelera hutsean dago on-line denda (adierazgarri samarra hori ere, euskarak benetan saltzeko balio ez duela eman baitezake aditzera xehetasun txiki horrek).

Julen Gabiriak kontatzen zuen behin asko poztu zela Kukuxumusuren iragarki batekin, “Revacas” zioelako gazteleraz eta “Behirapenak” euskaraz: Hitz-joko bikaina lortu dute euskaraz eta gaztelaniaz. Ez dakit zein izan zen lehenengo: euskarazkoa ala gaztelaniazkoa; ez dakit zein den jatorrizkoa eta zein itzulpena, baina ez da igartzen, eta asko da hori. Itzel daude biak, eta poztekoa da.

Idazle galdakaotarrari gutxi iraun zion pozak, ordea, egun hartantxe argitu baitzioten, bere blogean bertan, normalean gazteleraz sortzen dituztela beren mezuak Kuxumusukoek, eta gero elkarte batek itzultzen dizkiela. (Hori dio behintzat hemen, zertaz ari den badakiela ematen duen batek).

nundakaHemengo beste marka ezagun eta erakargarri batek, Loreak Mendianek, izena guztiz euskalduna duen arren, ez du euskaraz hitzik egiten sarean. Orain gutxi, baina, hitz-joko polita sortu dute euskaraz, Mundakako olatuaren aldeko kontzientzia pizten lagundu eta, bide batez, beren marka surfarekin lotzeko.

Bitxia da, jarrera eta jokabide oso ezberdinak daude merkatuan: klasiko samarra dirudien Punto Roma bezalako arropa marka batek, adibidez, euskaraz hitz egiten digu sarean (Norma Duval protagonita duela…); eta hemengo beste marka fashion eta moderno batzuek, aldiz, Cállate la bocak eta Boinas Eloseguik, esaterako, ez dute erabiltzen.

Bide luzea dugu oraindik ere euskaldunok eta euskarak fashion izatera heltzeko. Ez gara fashionak, baina sinistu nahi nuke bagoazela, pixkanaka-pixkanaka bada ere, euskararentzako esparru berri eta erakargarriak konkistatzen.

Edonola ere, hobeto, azkarrago eta urrutirago joango ginateke esparru horiek euskaratzeko bide eraginkorrak bilatu eta modu planifikatuan garatuko bagenituzke.

Advertisements

Laburpen hitzak: ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s