Izenean izana (I)

Batzuetan, gai batek jarraitu egiten gaitu. Izen kontuek segi naute ni azken bi asteotan: Anjel Lertxundiren Hitz besten; Koldo Zuazoren azken liburuan; Joxe Aranzabalen Faroan; Iñaki Segurolaren liburuan; Goienkaria berritzen blogean… Pare bat hausnarketa egingo ditut, gaiak bakean utz nazan, eta noizbait norbaiti balioko dion esperantzan.

Jakin egin behar da gauzak izendatzen, ondo komunikatzeko. Horregatik, izen-kontuek, izengintzak hobeto esan, inglesez naming edo verbal branding esaten dioten horrek, garrantzia handia du komunikazioaren eta marketinaren eremuan. (Horren erakusle dira izengintzan espezializatutako enpresak).

Izena da jendeak gure marka edo produktuarekin duen lehen kontaktua, eta jakinda irakurri bezain laster zerbait iradokitzen digutela izenek, nahikoa hitzez hitz interpretatzen ditugula nahi gabe, oso ondo pentsatu behar dira.

Irakurtzen eta esaten erraza izan behar du izenak. Originala. Laburra. Gogoangarria. Eufonikoa, sonoritate erakargarrikoa. Jakina da hori, eta irizpide horiekin jartzen diegu izena, esaterako, gure txakurrei.

Horiez gainera, ordea, beste bi ezaugarri ere bete behar ditu izen on batek, izendatzera doana marka (produktu, enpresa, gizarte-eragile edo dena delako) bat baldin bada. Izen baten egokitasuna ez baita gustu kontua (soilik); subjektibotasunaz haratago, komunikazio estrategia baten barruan funtzio jakin bat bete behar duen elementu garrantzitsua baizik.

1) Markarentzat bilatzen ari garen posizionamendua lortzen lagundu behar digu izenak. Horrek ez du esan nahi zuzenean gure helburua edo eskaintzen duguna azaldu behar duenik. Izenak iradoki egin behar du, ez deskribatu; egiten edo eskaintzen duena aditzera eman behar du izenak, zeharka.

2) Markak jardungo duen sektoreko “arau” edo joerak kontuan eduki behar ditu izenak. Sektore bakoitzean ezaugarri berezi eta joera konkretu batzuk jarraitu ohi baitituzte marka-izenek. (Micromachine, adibidez, argi dago ez dela izen egokia esne marka batentzat).

Azken bi ezaugarri horiek aintzat hartu gabe jokatu ohi da askotan euskaraz, hamaika aukera ditugun arren gure hizkuntzan izenak sortzeko. Orotariko Euskal Hiztegiak eskaintzen dituen 125.000 sarrera eta ia hirurehun mila azpi-sarrera aitzakia hartuta, honakoa dio hemen Anjel Lertxundik:

Euskarak hainbeste aukera eta azpi-aukera baldin baditu, heldu da boluntarismoan oinarritutako asmoei (Hasi, Ekin, Egin, Jarrai, Segi, Erein, Elkar, Sustatu, Etor, Erabili, Kimu, Zutik, Kemen, Hegan, Jakin, Ekintza…) boluntarismozko izenak jartzearen moda garaitu eta euskal munduaren irudi-sarea aldatzen hasteko ordua.

Izen horiek eta beste batzuk ikusita, ematen du dozenaka sektore eta haietako bakoitzean funtzionatzeko moduko hamaika izen euskaldun egon ahalko luketen plaza publikoan, sektore bakarra dagoela, euskararena, maiz oso modu jakinean adierazten dena gainera.

Izen horiekin ez al diegu arrazoi ematen gutaz hablan el euskera esaten zutenei? Izen horien atzean gauden batzuk en euskera bizi gara, euskaraz; oraindik ez gara gai izan, ordea, jartzen ditugun izenek euskaraz egoki hitz egin dezaten sektore ezberdinetan.

Izenak funtzionatu egin behar du, funtzio komunikatibo bat bete behar du, eta ez funtzio sinboliko soila. Eta horretarako, ez da nahikoa izena euskara hutsezkoa izatea.

Euskarak euskaldunontzat gai izateari utzi eta benetan komunikaziorako tresna izatea lortzen dugun heinean erdietsiko dugu zorioneko “normalizazioa”, eta gure inguruko marka-izenak adierazgarri ona izango dira etorkizunean, bide horretan zenbat aurreratu dugun ikusteko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s