Izenean izana (eta III)

Bi gauza dira izena eta izana, esaerak dioen bezala. Elkarrekin bizi dira, ordea, estu-estu lotuta, eta haien arteko hartu-eman kontuak oso interesgarri eta aintzat hartzekoak dira komunikazioa interesatzen zaion edonorentzat.

Arte bat da izengintza, -izendatzea bera ere bai askotan-, gauzei izen bat ematea izan bat ematea ere badelako nolabait. Izenak ez du egiten izana, baina nabarmena da izenak markatu egiten duela izendatzen ari den hori. Marka-izenak markaren izanaz hitz egiten du.

Hori hala da, batez ere esanahidun izenen kasuan, guztiok ere nahikoa hitzez hitz interpretatzen ditugulako, ikerketek diotenez. Eastern Airlinesen kasua aipatzen dute, esaterako, Al Ries-ek eta Jack Trout-ek beren Positioning liburu ospetsuan. Konpainia horrek Ipar Amerika guztian operatzen zuen arren, arazo handiak omen zituen jende askok txikitzat hartzen zuelako eta EEBBetako ekialdeko hegaldietarako soilik kontsideratzen zuelako.

Gure artean ere bada antzeko adibiderik: zer da Udako Euskal Unibertsitatea?… Ez dirudi, ez, egokiegia izen horrek aipatu “erakundea” zer den ikusita.

Marka-izenak markaren izanaz hitz egiten du beti, baita izenak esanahirik ez duen kasuetan ere; inongo esanahirik ez duen izenik izenenak ere, konnotazioren bat gaineratzen baitio beti izendatzen ari den zerari.

Izena aldatzea ez da txantxetako gauza, besteak beste jendeak gure arrastoa gal dezakeelako eta ondorioz, ordura arteko komunikazio lorpenak bertan behera gera daitezkeelako. Izen desegoki batekin jarraitzea baino komenigarriagoa da, ordea, izena aldatzea.

Ralph Lifshitz baino dotoreagoa da Ralph Lauren; Allen Konigsberg baino hobea Woody Allen; Tom Mapother baino itxurosoagoa Tom Cruise; Issur Danielovitch baino egokiagoa Kirk Douglas… Hala uste zutelako aldatuko zituzten behintzat izenak gizon horiek.

Edonola ere, izen aldaketa bat ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ondo hausnartu ostean, zer irabazi asko egon daitekeelako eta une eta modurik onenean egin behar da tentu handiz. Beti ere markaren posizionamendua eta hark jardungo duen kategoriako “arauak” kontuan hartuz, hemen esan genuen bezala.

Esaera zahar batek dioenez: izen ona, dirua baino hobea. Eta hala da, marka-izen on bat behar da, besteak beste, markak izen ona izan dezan. Ate asko zabaltzen baititu izen/izan onak.

.- Marka izen bat ona ote den egiaztatzeko bat eta bi proposamen.
.- Izen-aholkularitzan espezializatutako enpresa bat.
.- Naming-arekin lotutako eduki interesgarri gehiago hemen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s