Euskara nola saldu

Erabili.com-eko arduradunek eskatuta idatzi zuen blog honen egileak honako artikulua. Horrela iragarri zuten, eta hemen argitaratu.

 

“Euskara nola saldu?”. Gai konplexu bezain interesgarria jarri dit erabili.com eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren Zuzendariak, Patxi Saezek. Tesi mardul baterako gutxienez ematen du galdera horrek, euskara eta komunikazioa inplikazio bereziz bizi ditugunontzat. Hau ez da, ordea, idatzi luzeetarako plazarik egokiena, eta hausnarketarako zenbait hari-mutur sareratu baizik ez dut egingo hemen.

Euskara bizi eta hazi dadin, hizkuntzaren beraren sormen gaitasunean eta gozamenean dago giltzarria, erretorikan aditu direnen iritziz. Ekonomilariak uste du hizkuntzaren ekonomian dagoela gakoa. Euskara modan jarri behar dela uste du publizitate-sortzaileak. Jendearen konpromisoa lortzea jotzen dute konprometituek bide nagusitzat. Estetikaren aldeko apustua egin beharko genukeela azpimarratzen du estetak… Zenbat buru hainbat aburu, nabarmena denez, euskararenean ere.

Estrategia bateratu bat behar izaten dute, ordea, arrakasta izan nahi duten erronka guztiek. Argi du Lertxundik: Euskaltzaindiak, telebistak eta euskal hedabideek, unibertsitateak eta eskola-sareak, administrazioko euskarak eta publizitateak… sektore horiek guztiek behar duten estrategia komunikatzaileaz ari naiz. Kontua zera da: estrategia komunikatzaile baten mende egon behar dugula guztiok ere, kandelari ipurditik hel diezaiogun, eta ez argi-metxatik.

Euskara dugu helburu, eta gure hizkuntza hazi eta bizi dadin, beharrezkoa da hura hiztunez elikatzea belaunaldiz belaunaldi. Jendea euskarara erakartzeko bide oso ezberdinak egon daitezke, ordea: legearen indarra, hizkuntz komunitatearen irudia eta erakargarritasuna, hizkuntzaren beraren sedukzio xarma, hizkuntzak eskaintzen duen baliagarritasuna eta gozamen estetikoa…

Ezin da hizkuntza baten zabalpen eta indartze bidean legearen babesak izan dezakeen eraginkortasuna zalantzan jarri edo gutxietsi. Egia da euskal herritar guztiak gaudela behartuta gaztelania edo frantsesa jakitera, baina ez euskara jakitera. Egia da legearen babes oso eta zabalago batek laguntza zinez erabakigarria ekarriko liokeela euskarari.

Egia da baita ere, ordea, euskalgintzan jarduteko zer egin behar dugun edo nondik jo behar genukeen galdetzen duenari ezin zaiola erantzun burujabetasun politikoa behar dugula lehenbailehen bide juridikotik jotzeko. Zeren eta bitartean, zer egin dezakegu bitartean lege-ahalmenik ez dugunok? Eta gero ere, lege-babesak berak bakarrik bermatuko al du/luke ba euskararen “normalizazioa”?

Euskararen normalizazioa ezin da herritar bakoitzaren esku utzi. Erantzun estrukturala behar du, arazo estrukturala denez. Baina ezin utz daiteke euskalgintza, ezta ere, erabaki politikoen zain edo politikaren esku (zeharo aitzitik, hobe genuke kontrako norabidetik joango balira eraginak, Jon Sarasuak “Golde aro” ausart bezain mamitsuan ondo azaltzen duenez).

Gaur egun, euskararen nolabaiteko ezagutza bermatzen du lege-babesak (hezkuntza sistema, hedabide publikoak…). Are gehiago, oraindik ere errealitatearen oso aurretik doa legea arlo batzuetan (unibertsitatean jasan behar izan ditudan zenbait irakasleren sasieuskara horren adibide). Hala ere, datu soziolinguistikoek zalantzarako tarterik utzi gabe adierazten dutenez, euskararen erabileran ez dugu hein berean aurrera egiten.

Administrazioa benetan euskalduntzeke dagoela, seguru. Ezarrita dagoen hezkuntza sistemak gabeziak dituela, seguru. Legeak oraindik euskarari bultzada handia eman ahalko liokeela, seguru. Legea ez da ahalguztiduna, ordea, hori ere seguru.

Edonola ere, eta legeak euskara bultzatzeko izan dezakeen ahalmen edo eraginkortasuna alboratu nahi izan gabe, beste bide batzuen gainean jardungo dut nik hemen. Badugu nahikoa jende lege-babesaren ildoa jorratzen, eta uste dut bestelako bideak aurkitu eta garatzen asmatuko duen jende sortzaileagoaren premian dagoela euskara.

Horregatik, eta komunikazioa sinisten dudalako, presio egiteko moduak bilatzeak baino dezente gehiago erakartzen nau pertsuasio bide benetan eraginkorrak aurkitzen saiatzeak. Gurea bezalako egoeretan, gainera, nago eraginkorragoa dela jendea limurtzea eta jendearen baitan harra piztea, kanpotik indarrez-edo ezarritako neurriekin haiek azkenerako aspertzea baino. Norabide horretan saiatuko naiz bideak irekitzen.

Bi dira euskararen inguruan ditugun helburu nagusiak: jendea euskarara erakartzea, eta euskaraz bizi dadin lortzea.

Eta helburu horiek erdiesteko, bi ardatz nagusi daude: hizkuntza bera da bata, eta haren hiztun komunitatea bestea. Biak dira gai jendea euskarara erakartzeko eta hiztunak euskaraz bizi daitezen erdiesteko, eta bi-bien inguruko gorabeherak izan behar ditugu gogoan, beraz, estrategia komunikatzaile sendo bat eraikitzerako garaian.

Behin jendeak hizkuntza bat badakienean, ordea, hartan goza dadin lortzeko, egunero euskaraz bizitzeko hautu inkontzientea egin dezan erdiesteko alegia, indar erabakitzaileagoa dute seguru asko –gurea bezalako egoeratan– hizkuntzaren beraren inguruko zertzeladek, hura erabiltzen duen komunitatearen ingurukoek baino.

Hala uste du, esaterako, Fermin Etxegoienek ere: Atxikimendu identitarioa (euskal komunitatearekin) oso garrantzitsua da norbaitek euskarari “heldu ala ez” erabakitzerako garaian, onar dezagun. Baina segituan (ezagutza nahikoa suposatutzat eman eta gero), hizkuntzaren estetikaren “arazoa” etorriko zaio gainera pertsona horri. Eta orduan ikusiko du benetan nolakoa den bere atxikimendua euskal “mintzamoldeekiko”. Egiazkoa ala itxurazkoa, gozagarria ala sufrikario-iturri, sortzailea ala murritzailea, haziz doana ala gutxituz….

Euskarak eta euskaldunok gaur bizi dugun egoeran, –non euskal hiztun masa kritiko zabal samarra dugun eta askotan norberak hauta dezakeen zer hizkuntza erabili–, esango nuke eraginkorragoak suerta daitezkeela hizkuntzak berak eman ditzakeen zio eta motibatzaile intimo-pertsonal-sakonak, beste gizarte gorabehera batzuk baino.

Diskutigarria izan daiteke baieztapen hori, eta jende gehiagok onartzeko moduan adieraziko dut beraz: legearen eraginez, aurrera goaz euskararen normalizazioan, kantitateari dagokionean behintzat; kualitatiboki ez goaz hain ongi, ordea, nabarmena denez. Euskararen aldeko lege-babesa zabalagoa izan dadin bilatu beharko da (batez ere EAE ez diren euskal lurraldeetan), euskarak gora egiten jarraitu dezan kopuru eta datuetan; euskararen kalitatea da, ordea, hizkuntzaren alde kualitatiboa, arreta berezia eskatzen ari zaiguna orain.

Ildo horretatik, argitasun handiz azaldu digute Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak, beren “Euskararen kalitatea” txostenean, zein den euskararen sustapenerako estrategian hartu beharreko norabide berria: kantitatetik kalitatera. Eta argitu dezagun lehenbailehen: hizkuntzaren erabileran dago kalitatea, eta ez bikaintasun gramatikalean. Badirudi, beraz, kalitatea dela gaur egun euskararen inguruko kezka nagusietako bat, nahiz kantitatean oraindik ere asko dagoen egiteko (hiztun, eskualde eta alor berriak irabazi beharra). Baina, oro har, nekez eztabaida liteke, hedatze lan horrekin batera, hedatzen ari garen hizkuntzaren kalitatea zorrotz zaindu behar dugula.

Gauden egoeran, hizkuntzaren inguruko gorabeherak zaindu behar genituzke bereziki, baina horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, euskararen sustapenerako estrategia ezartzerakoan bazter utzi behar ditugunik hizkuntz komunitatearen bueltan dabiltzan faktoreak.

Hizkuntz komunitatearen inguruko motibatzaileak

Hizkuntza baten hiztun komunitatearen izaera eta irudia oso garrantzitsuak izan daitezke pertsona batek hizkuntza jakin horren aldeko jarrera positiboa izan dezan. Eta alde horretatik, hizkuntz komunitateak interesgarri eta erakargarri suertatzen asmatu behar du, bai norbere buruarentzat eta bai gainontzeko hizkuntz komunitateen begietara.

Zentzu horretan, pizgarri polit eta indartsuak dira euskaraz sortutako liburu, disko eta film gozagarriak, adibidez, baina baita hizkuntz horretan egoki moldatzen diren kirolari, umoregile eta telebista aurkezle ezagunak ere. Maila guztietan lortu behar du erakargarri suertatzen hizkuntz komunitate batek, eta horretarako, dituen (eta ez dituen) guztiak ondo komunikatzen asmatu behar du, gainontzekoek entzun, ulertu eta baloratzeko moduan gainera.

Euskararen irudia euskaldunonari lotuta dago nahitaez, eta euskaldun bakoitza euskararen enbaxadore bada, hizkuntzaren ordezkari are nabarmenagoak dira, zorionez eta zoritxarrez, hura publikoki eta masiboki erabiltzen duten pertsona eta euskarriak.

Literaturan eta telebistan, musikan eta publizitatean, zineman eta komikietan, han, hemen edonon eta nonahi, eremu eta maila guztietan behar ditugu berean onak, arrakastatsuak, eredugarriak diren euskaldunak. Hizkuntz komunitatea ez ezik, euskara bera ere aberats eta erakargarriagoa egin eta erakuts dezaketelako.

Garrantzitsua da hori, oso: garena komunikatzeari heldu behar diogu. Esparru guztietako euskaldunak atera behar ditugu plazara (ingeniariak, transexualak, artistak, kirolariak, bidenteak…) euskal hiztunen komunitateak espektro zabala eta interesgarria osatzen duela erakusteko. Eta hor, jakina, paper zeharo erabakitzailea dute jokatzeko euskal hedabideek eta, haiek bezainbeste gutxienez, baita hemengo hedabide erdaldunek ere.

Denetarik behar du eduki hizkuntza normalizatu baten hiztun komunitateak, eta halakoa behar du izan halaber haren irudiak, askotarikoa, plurala. Baita politikaren eremuan ere. Herrigintzaren ikuspegitik kezkatzen nauen gauza da euskal munduak hartzen eta transmititzen duen irudia, dio Anjel Lertxundik: Ene ustez oso desenfokatua da eta euskararen beraren kalterakoa ere bada. Esan nahi dut, euskal mundua ere anitza den arren, zerbait monolitiko gisa ikusten gaituzte, eta behin eta berriz ibili behar izaten dugula hori ez dela horrela aldarrikatzen eta oso nekagarria dela langintza hori.

Aniztasun zabalagoa islatu eta erakutsi behar du ideologia kontuetan ere euskal komunitateak, ematen duena baino pluralagoa delako seguru asko, eta horrek mesede baino ez diolako egingo hizkuntz komunitatearen irudiari eta, ondorioz, baita euskarari ere. Hobeto komunikatzen asmatu behar dugu, erdaldun komunitatean askok euskararen munduan dagoen pluraltasunaz ohartzeko duten gogo edo interes faltari buelta ematen hasteko, bide batez.

Komunikatzeke daukagun euskaldunon hizkuntz komunitatearen baitako aniztasunak –zentzu guztietakoak– harreman estua du, gainera, euskarak euskaldunari eskaintzen dion beste motibatzaile garrantzitsu batekin. Azaleko kontuak irudituko zaizkio bati baino gehiagori, kontuan hartzea merezi ez duten arinkeriak, baina gaur egun bizi dugun mundu globalizatuan, uniformizaziorantz ere bagaramatzan aldea global honetan, ezberdin izan eta sentitzeko aukera ematen digu euskarak, eta alderdi hori aztertu eta ustiatzeke daukagu oraindik euskaldunok komunikazioaren eremuan.

Oso da garrantzitsua hizkuntza batek hiztunari eskain diezaizkioken motibatzaile sinbolikoak zaindu eta elikatzea. Euskararen antzinatasunak eta haren jatorriaren inguruko misterioek, adibidez, gure hizkuntzaren alde funtzionatu dute nabarmen, hari alo berezi bat emanez. Oraindik ere motibagarri suerta daiteke askorentzat Europako hizkuntza zaharrenean mintzatzea, nondik datorren inork ez dakien hizkuntza bat hitz egitea, jende oso gutxik ulertzen duen hizkuntza (exotiko) batean jardutea, “abertzale” edo bertako sentiarazten laguntzen dion hizkuntza batean aritzea, ezberdin sentiarazten laguntzen dion hizkuntza batean moldatzea… Jendea euskarara erakartzeko benetako motibatzaile gisa funtziona dezakete gorabehera horiek denek, baina ez dirudi gero jende hori egunero euskaraz bizi dadin lortzeko indar erabakitzailea izan dezaketenik.

Euskara sustatzeko xedea duen estrategiak, hortaz, ez ditu begibistatik galdu behar eremu horretako motibatzaileak, baina ez du ildo horretatik jo behar nagusiki. Hizkuntza batek hiztunari eskaintzen dizkion funtzio sinbolikoak zaindu eta elikatu egin behar dira (hizkuntza zaharra, bere hizkuntzari gogor heltzen dion hizkuntza komunitate txiki-“bitxia”…), baina jendea euskarara erakartzeko baino gehiago, euskaraz bizi dadin erdiesteko, motibante indartsu eta erabakitzaileenak ez dira eremu horretan aurkitzen.

Esan dugu dagoeneko, batez ere hizkuntzaren beraren inguruko gorabeherak direla, euskaldunok eta euskarak gaur bizi dugun egoeran, gure alde paper berezia joka dezaketenak. Hizkuntz komunitateak eskainitako motibanteak asko izan daitezke (euskararen erabilpen maila zenbait eremutan, ideologia kontuak…), eta oso baldintzatzaileak zenbait kasutan, baina esparru horietan aurrerapauso handiak eginda ere, hizkuntzak berak ez badu hiztuna seduzitzen, –ez badu hizkuntzak berak hiztuna barrutik harrapatzen, hizkuntzak ez badio balio, ez badu hiztuna asetzen, alegia–, ez dago zer eginik.

Hizkuntzaren inguruko motibatzaileak

Erraza da, errazegia aukeran, euskaraz jakinda euskaldun sentitzea, eta aldi berean, euskara funtzio sinboliko jakin batera baztertuta, erdaraz bizitzea. Nabarmena denez, baina, hizkuntza bat ez dago benetan bizirik, “normalizatua”, ez bada nonahi eta etengabe erabiltzen.

Horretarako, lehen-lehenik, ezinbestekoa da hizkuntza horretan mintzatzeko gai den jende multzo zabal bat edukitzea, jakina. Begibistakoa denez, ordea, hiztun masa kritiko batek, berez, ez du hizkuntza horren erabilera bermatzen. Arrazoi oso sinple bategatik: gutxitan mintzo gara, eta egoera oso konkretutan soilik, gozatzeko gaitasun nahikorik ez dugun hizkuntza batean. Hizkuntza bat jakitea ez baitugu nahikoa arrazoi hizkuntza hori erabiltzeko. Jolaserako bide ematen ez dion hizkuntza batean aritzeko joerarik ez du izango inork inoiz, hizkuntza horretan gutxi gorabehera moldatzeko gaitasuna izan arren. Hitz egitea ez baita informazioa trukatzea soilik. Gozatu egiten du hiztunak hitz egiterakoan, hizkuntzaren aukera ezberdinekin jolas eginez, hau edo beste hura azpimarratuz, hizkuntza dastatuz etengabe. Hiztunak hizkuntzarekin gozatu egiten duela diogunean, esan nahi dugu bere burua adierazteko balio diola hizkuntza horrek, bere burua asetzeko eta besteengan eragiteko (dela barrea, dela tristura, dena delakoa).

Funtzionala izan behar du hizkuntza batek, eguneroko bizitza arrunteko edozein egoeratarako nahikoa. Horrez gainera, ordea, gozagarria behar du izan. Euskara bera, berez, nahikoa garatua dago honezkero edozein esparru eta jakintza maila edo kale girotan erabilia eta gozatua izateko; baina euskal hiztun askok ez dugu euskara maila nahikorik harekin egoera askotan aise moldatzeko eta, batez ere, goxatzeko.

Euskarari txinpartak ateratzeko gauza direnek argi dute: errua ez da hizkuntzarena, hartan aise moldatzeko gai ez garenona baizik. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez. (Mitxelenak, hori idazterakoan, Axularren hau zuen gogoan: Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu nola egin baita latinez, frantsesez edo bertze erdaraz eta izkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen Euskara ere; eta baldin hala espada, euskaldunek berek dute falta, eta ez Euskarak).

Euskaraz egoki eta aise moldatzeko gauza direnek argi dute, eta hala erakusten dute beren jardunarekin, euskarak berak ez duela inongo aitzakiarik, euskaldunok garela gure hizkuntzarekin herren gabiltzanak. Eta guztiok dugu hor zer ikasia eta, batez ere, zer egin asko eta ugaria.

Hizkuntzek badute sedukzio indar bat. (…) Ni ere harrapatu egin ninduen hizkuntzak dio Koldo Izagirrek. Eta hori da, hain zuzen ere, erein beharko genukeen hazia: euskarak duen sedukzio indarra elikatu behar genuke, hizkuntzak hiztunengan lan egin dezan lortzeko bideak bilatu eta ezarri behar genituzke. Euskarak hiztuna harrapa dezan, hizkuntzak hiztuna limurtu dezan, lortu behar dugu. Euskaraz goza dezaten lortuta ekarriko ditugulako benetan euskarara.

Xarma nabarmena du euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, baina behin hura maila batetik gora erabiltzeko gaitasuna barneratu dutenengan. Euskararekin gozatzeko gai den hiztuna harrapatzen du euskarak barru-barrutik. Eta hortxe dago gakoa: euskara gozagarri suerta dadin lortu behar dugu, gero euskarak bere lana egin ahal dezan euskal hiztun bakoitzaren baitan.

Helburua da jendea atxiki dadila euskarara, baina ez ideologikoki, arrazoi praktiko-materialistengatik edo modu sinboliko batean (soilik), baizik eta modu sakon, intimo eta sendoago batean. Hizkuntzaren estetikak harrapatu behar du hiztuna. Hizkuntzak hiztuna barrutik heltzen duenean, orduan lortzen baita hizkuntza horretan mintza eta bizi dadin egunero, gustura, eta ia nahi gabe, uneoro hizkuntzaren hautu kontzientea egiten ibili behar izanik gabe.

Fermin Etxegoien: Onartzen dugu euskara guretzat ideologia, identitatea, kosmobisioa… izan badela ere. Baina batez ere estetika da. (…) Gainera, ezinbestekoa zaio: emozio estetikoa gertatu ezean, herdoildutako hizkuntza batean arituko gara. Hizkuntzaren estetikan dago gakoa. Eta gauza oso sakona da hori, hitz egiterakoan nork bere baitan bizi dituen sentimen eta plazer sentsorial-intelektualez ari baikara hizkuntzaren estetikaz hitz egiten dugunean. Nahiz eta jende askok oraindik ere “azaleko jardunak” itxurakeriarekin parekatzen dituen; hizkuntza batez ere forma dela konturatzerik orain arte izan ez dutelako.

Fermin Etxegoienen iritziz, eta bat nator berarekin: Euskara modu etikoan bizi dutenak konturatu beharko dira “euskara batez ere estetikaren bidez” hedatu beharra dagoela. (…) Seguruenik, izan denok gara bata zein bestea, baina orain euskara zale batek bere alde estetikoa indartu behar luke alde esentzialista baino, gure uste apal eta bastardoan.

Bada garaia euskararen alde lan egiteko bide atsegin, erakargarri eta eraginkorragoak har ditzagun. Ahaztu ditzagun harridura markak, (h)aginduak, esijentziak, manamenduak. Eta saia gaitezen pertsuaditzen, seduzitzen, jendea euskarara erakartzen.

Limurtu egin behar dugu jendea, behartu beharrean; euskararekin gozatzen ikasi eta irakatsi behar dugu, arau guztiak buruz ikasten baino gehiago; bizitzako une eta egoera ederrenetan gozatzeko, euskara hizkuntza ezin egokiagoa dela erakutsi behar dugu (esan ez, erakutsi, demostratu), derrigorrezkoa den guneetan hitz egiteko tresna soil moduan aurkeztu beharrean…

Ez dugu euskara desiragarri egiten “hitz egin ezazu euskaraz, bestela gure hizkuntza maitia hil egingo da” behin eta berriz errepikatuz. Ez diogu euskarari inongo mesederik egiten “Euskal Herrian euskaraz edo utikan” bezalako marruekin. Ez dugu inor konbentzitzen euskara hemengo hizkuntza dela-eta hitz egin egin behar dugula argudiatuta.

Euskararen inguruko mezuak (eta zer esanik ez logotipoak) baino gehiago, euskarazko mezu eta batez ere produktuak behar ditugu, euskarazko produktu erakargarriak. Proklamak baizik ez dira euskararen inguruko mezuak, promesak, nahiak, desirak. Produktuak, aldiz, ukigarriak dira, gozagarriak, demostratiboak, eta euskara gozagarri egin dezakete.

Komunikaziorako lau oinarri

Euskara biziberritzeko estrategian paper zinez garrantzitsua joka dezake, eta jokatu behar luke, komunikazioak. Gure hizkuntz komunitatearen irudi erakargarri bat zabaltzeko, euskara bera gozagarri aurkeztu eta erakusteko, erdal komunitatearekin zubigintza lanak egiteko eta euskaldunak diskurtso berrira ekarri eta haren bozeramale bihur daitezen lortzeko, lanabes estrategikotzat hartu behar genuke komunikazioa.

Eremu horretan, badira ondo garatu behar genituzkeen lau ildo edo oinarri nagusi, gure arreta eta lana merezi dutenak.

1. Terminologia argi eta adostua
Ondotxo dakigu zenbaterainokoa izan daitekeen hitzen indarra, nola jolas egin daitekeen haiekin eta haien esanahiekin, eta zein joera izaten den askotan, batez ere politikaren eremuan, haien bitartez gizartean errealitatearen pertzepzio jakin bat edo beste eragiteko.

Euskararen munduak argi eta garbi izan behar ditu zenbait terminoren esanahiak. Ikuspegi beregain batekin, noski, eta ez sentsibilitate edo asmo politiko jakin batek eraginda. Ez diot luze helduko gaiari hemen, haren garrantzia nabarmenduta nahikoa delakoan oraingoz.

Bada oinarri-oinarrizko kontzeptu bat, ordea, urardotu nahi digutena eta bere jatorrizko esanahaiarekin mantentzea (berreskuratzea?) interesatzen zaiguna.

Gabriel Aresti: “Euskaldun es el que habla vascuence, o mejor dicho es aquella persona que tiene al vascuence como vehículo principal de su expresión humana.” (…) “Etimológicamente es ello lo que significa la palabra euskaldun, poseedor del vascuence, igual que bizardun es poseedor de una barba y dirudun poseedor de dinero”.

“Vasco” hitzaren euskal ordaintzat jarri nahi digute batzuek “euskaldun” hitza, baina euskara duena da euskalduna, bizarra duena bizarduna den bezalaxe. Hemen bizi dena baina euskararik ez duena, ez da euskalduna. Esan dezagun argi eta lasai, horrek ez du-eta inolako asmo gutxiesgarririk. Norbaiti euskaldun berria dela esateak inongo intentzio txarrik ez duen bezalaxe (justu kontrara, geroago azalduko dudanez).

Euskaldunok –patetikook batez ere, Atxagak asmatutako euskaldun tipologiari jarraiki– jakinmin berezia izaten dugu Urlia euskalduna den edo ez jakiteko, hiztunon behar horregatik izango du seguru asko euskarak “euskaldun” hitza, eta esanahi horri eustea komeni zaigu, soziolinguistikoki gero eta korapilatsuagoa izango den etorkizunean ere jakin nahiko dugulako euskaldunok Urlia euskalduna ote den.

Euskara duena da euskalduna. Zer da, ordea, euskara edukitzea? Noiz esan liteke norbaitek hizkuntza bat badaukala? Gauza erlatibo samarra da hizkuntza bat jakitea. Dena dela, inglesa nahiko ondo hitz egiten dudan arren, esate baterako, ez nuke sekula esango inglesa edo “inglesduna” ere banaizenik. Hizkuntza bat edukitzea ez da hizkuntza horretan oinarrizko maila batean komunikatzeko gaitasuna edukitzea. Euskalduna eta erdalduna naiz ni (euskalduna naizela esanda, nahikoa da biak adierazteko), baina elebiduna naizelako, euskaraz ez ezik, gazteleraz ere bizi naizelako, eta ez bi hizkuntzetan moldatzeko gai naizelako soilik. Era berean, esango nuke euskaraz bizi dena dela euskalduna (“tiene el vascuence como vehículo principal de su expresión”), eta ez soilik euskaraz gutxi gorabehera moldatzeko gauza dena.

Are gehiago, gure artean jende asko eta asko dugu euskara(z) ikasi duena txikitatik –euskaldun zaharra, beraz–, baina eskolatik kanpo sekula erabiltzen ez duena, zailtasun handiak dituena eguneroko bizitzako edozein egoeran euskaraz aritzeko, ez dena urrundik ere euskaraz bizi, eta horiek guztiak izendatzeko hitzen baten premia dugulakoan nago. “Hemengoa da Berendia futbolaria, baina uste dut ez dela euskalduna”. “Bai, bueno, behin entzun nion telebistan esaldiren bat esaten, jakin zer edo zer badaki, baina ez da euskalduna”.

Beharrezkoa litzateke beharbada hutsune hori beteko lukeen kontzeptu bat sortu eta normalizatzea (euskaldun utzia?…). Hori bai, –eta oso argi utzi beharko litzateke–, hitz horrek ez luke inongo esanahi peioratiborik izango. Euskal hiztunon behar berri bat asetzera etorriko litzateke soilik, euskararen egoera soziolinguistiko berriak sortutako errealitate jakin bat islatzera.

2. Euskara guztiona
Euskal Herrian (eta berdin zait lerrootan letra larriz edo txikiz idatzi euskal herria), euskaldunak, erdieuskaldunak eta erdaldunak bizi gara, eta guztioi komeni zaigu euskara guzti-guztiona dela argi edukitzea, nabarmena den arren batik bat hitz egiten dutenena dela edozein hizkuntza.

Pello Salaburu: Euskara gizarte osoarentzat eskatu behar dugu, gizarteak duen, gizarteek duten, kultura altxorra baita. Euskaldunok mezu hau bidali behar diogu erdaldunez beterik dagoen gizarte honi, euskara haiek ere nolabait berea sentitu behar baitute, ez guk bezala, jakina, hizkuntza hiztunena delako, baina bai neurri batean.

Euskararen alde lan egin nahi duen edozein estrategiak behar-beharrezkoa du erdal hiztunen komunitateekin komunikazio zubi sendoak eraiki eta lantzeko bideak bilatzea. Euskaldunok hartu behar dugu erdal komunitateak euskararen aldeko diskurtsora ekartzeko zeregina; ardura beraiena ere baden arren, geu garelako interesatuenak eta behar handiena dugunak.

Guztiona da altxorra, guztiona arazoa. Guztiok jarri behar dugu geure aldetik. Euskaldunok geure egin dugu erdara, eta ondorioz, erdaldunek ere jarrera positiboa behar lukete eduki euskararekiko, euskaraz bizi nahi dugunok arazorik izan ez dezagun gutxieneko baldintzak onartu eta bermatuz. Adostasun zabal bat lortzeko moduko arrazonamendu logikoa behar luke horrek. Alde guztiek onesteko modukoa. Guztientzako onargarri bihurtzeraino komunikatzen asmatu behar genukeena, kontu ugari erator baitaiteke oinarri fundazional gisa hartu dezakegun diskurtso horretatik.

Anjel Lertxundi: Hiritar guztien kontua da gure hizkuntzen arteko elkarbizitza, eta hor, mapa linguistiko horren aurrean, politikariek eta artistek, profesionalek eta unibertsitariek, edozein delarik ere beren ama-hizkuntza eta hizkuntz hautamena, ezin diote bizkarra erakutsi erantzukizun horri –hizkuntzen arteko elkarbizitzari, alegia–, arazoaz ezer jakin nahi ez izatea bera ere arazoaren aurrean jarrera oso markatua hartzea baita: arazo gehien dituen hizkuntzaren aurkakoa, zalantzarik gabe.

Ardura eskatu behar diegu hemengo erdaldunei, ez dezatela pentsa euskaldunona dela soilik “euskararen arazoa”, “hizkuntzen arteko elkarbizitzaren arazo” deitu beharko genukeena. Eta ardura eske erdal komunitatearengana jotzeko, paradigma ekologikoan oinarritutako diskurtsoa sortu eta landu behar genuke euskararen mundutik, Jon Sarasuak argi azaldu duenez.

Mugimendu ekologistari esker, guztioi iruditzen zaigu honezkero onargarri eta errespetagarri bizirik dauden gauza guztien bizitzeko eskubidea. Euskara inposatzeko asmorik ez dugula agertu eta erakutsi behar diegu, batetik; baina bestetik, adierazi, gogorrak izango garela euskararen bizi-baldintza gutxienekoak aldarrikatzen.

Elebitasunean sinisten dugula erakustea ere zeharo lagungarri izango litzateke, jakina, paradigma ekologikoan oinarritutako gure diskurtsoa sinesgarriago suerta dadin erdal komunitateentzat, eta euskarak erresistentziarik sortu gabe aiseago egin dezan aurrera.

Geroago, jakina, hizkuntzen arteko elkarbizitzarako gutxieneko irizpideak adostu eta haiek bermatzeko oinarriak ezarri ostean, joko arauak zehaztu beharko lirateke, ez bailitzateke bidezko izango, ezta ere, euskara betirako bizi baldintza gutxienekoetara kondenatzea.

Herri berean bizi garenez, bi hizkuntzak erabiltzea gizalege arazoa iruditzen zait. Badakigu elebitasun harmonikorik ez dagoela, baina bizitza ere letra okerrez idazten da, dio Joseba Sarrionandiak: Euskal Herria elebiduna edo eleaskoduna izango da nahitaez. (…) Ahalegindu behar dugu euskarak izan dezan lekua, izan dadin zernahitarako erabilgarria, euskaraz bizitzea gauza atsegina izan dadin….

3. Erdaldun euskalzaleak eta euskaldun berriak
Erdal hiztun komunitateek euskararen alde, hizkuntzen arteko elkarbizitzaren alde, egindako ahaleginak eskertu eta txalotu egin behar genituzke euskaldunok. Besteak beste, guztiok partekatzen dugun “komunitate-aberriaren” alde emandako urratsak direlako azken batean.

Batek baino gehiagok pentsatuko du Euskal Herrian guztiek jakin behar luketela euskaraz, eta beraz, euskaldun ez direnen ahaleginak urrats normaltzat hartu, eta ez genituzkeela txalotu behar. Emaitza onik emango ez luketen jarrera ez motibatzaileak dira horrelakoak euskara ez dakitenentzat, eta horregatik bakarrik balitz ere, baztertu egin behar genituzke, pentsakera eta jokabide horrekin ez dugulako zer irabazirik.

Euskararik jakin ez, eta seme-alabak euskalduntzeko borondatea erakutsi duten hiritar guztien ahaleginek goraipamena merezi dute. Bizi dugun hizkuntzen arteko elkarbizitza arazoaren biktimak direlako haiek ere nolabait, gu euskaldunok bezala; eta meritu nabarmena delako hitz egiten ez duten hizkuntza batean seme-alabak eskolatzea, horrek beren eguneroko bizitzan sortzen dituen arazo eta zailtasunengatik besterik ez balitz ere.

Era eta aldi berean, baina are indar handiagoz, laudatu behar genituzke euskaldun berrien ahaleginak. Sarritan zaila da jakiten zerk bultzatu duen norbait hizkuntza bat bereganatzera. Izango dira lanpostuari eustearren hartu dituztenak euskara ikasteko lanak edo itxurak egin dituztenak soilik. Izango dira, baita ere, euskara pixka bat ikasi dutenak baina egunero egun osoa erdaraz soilik bizi direnak eta euskara ikastera behartuak sentitu direnak. Edonola ere, eta hamaika izan daitezke hor kasuak, euskara bereganatzeko ahaleginak egiten dituzten guztiak txalotu behar genituzke (hainbat eta gehiago, jakina, euskaraz bizitzera hurbildu edo iritsi diren heinean).

Euskaldunona da, neurri handi batean, gure hizkuntzara hurbildu den jendea euskarari behin betirako eta guztiz lotzen asmatzeko erantzukizuna. Arrazoi bat edo bestea dela medio euskararantz urratsak ematen hasi direnak euskarara irmo ekartzen saiatu behar genuke, euskaraz bizitzea merezi duela erakutsiz. Eta zentzu horretan, euskara ikasteko, edo beren seme-alabek euskara ikas dezaten, ahaleginak egin dituzten guzti-guztiak txalotu eta haien ekarpena eskertzea izan daiteke egin dezakegun gauzetako bat plaza publikoan.

4. Euskaldunak lehen xede-talde
Joxean Artzeren esaldi sonatuenak euskal hiztunok euskararen aurrean dugun, edo behar genukeen, ardura berezia piztea zuen (eta du) helburu. Gero konturatu ginen, euskaraz hitz egiteaz gainera, beste neurri batzuk ere hartu behar genituela euskarak iraun dezan (lege-babesa eta abar). Eta orain, berriz, ez dago argi euskaldun askok ez ote dieten garrantzia handiagoa ematen bigarren neurri horiei, euskaraz hitz egiteari berari baino gehiago.

Nolanahi ere den, euskaldunona da erantzukizun handiena euskararekin, eta zentzu horretan, euskara “normalizatua” ez dagoen bitartean ezin dugu bertan goxo egin. Bakoitzak nahi duena egin dezake, jakina (euskaratik dimititu, lehengusu baserritarrengana bisitan joaten denerako gorde, besterik gabe harekiko ezaxolati bizi, edo nahi duena), baina euskara bizirik nahi dugun euskaldunok, erabaki politikoak eta abar eskatzeaz gainera, badugu zereginik maila pertsonalean.

Hasteko, euskaldun zahar askok (esango nuke gazteen artean gertatzen dela hau batik-bat) nahikotzat jotzen dute beren euskara maila, lasaitasun guztiarekin bereganatzen dituzte erdarakadak eta, euren buruak “euskaldun autentikotzat” dituztenez, ez dute inolako ahaleginik egiten beren hizkuntza maila hobetu, aberastu edo behintzat pobretzen eta erdaratzen joan ez dadin.

Zaila da sinisten maite omen duten hizkuntza hobetzeko ahaleginik egiten ez dutenak euskararen militante direla edo euskararekin konprometituta daudela. Batez ere argi dagoenean beren euskara mailak ez duela gora egiten denboraren joanarekin. Beste gauza batzuen militante izango dira agian (Euskal Herriaren independentziarena edo auskalo zerena), baina ez euskararena. Euskara estimatzen duen euskaldunak jakin behar du erabiltzen duenean ematen diola arnasa hizkuntzari, harekin gozatu eta gozarazten duenetan indartzen duela batez ere.

Eskolan euskara nahikoa edo egokia ematen asmatu ez dietelako, gurasoek benetan euskaraz hezi ez dituztelako edota beste arrazoiren batzuk direla kausa, gazte asko eta asko ez dira gai euskaraz ganoraz moldatzeko. Ez dute gozatzen euskaraz hitz egiterakoan. Euskarak ez die balio beren behar komunikatiboak asetzeko.

Horrez gainera, modernotzat (edo konplexurik gabekotzat) jotzen dute euskara erdaltzeko joera. Ondorioz, “euskañolez” hitz egiten dute, euskarazkoa dirudien diskurtso egitura baten barruan, gaztelerazkoak diren hitz eta esamoldeak etengabe tartekatuz. Ahaleginak egiten jarraitu behar dugu eskolak benetan euskaldundu dezan lortzeko, eta senitartean euskararen transmisioa bermatzera gonbidatzeko, jakina; baina horretaz gain, euskaldun guztiei ikusarazi behar diegu beren hizkuntza etengabe erabili eta hobetzeko ahaleginak sendotzen duela, beste ezerk baino gehiago, euskara.

Argi dago oso bestelakoa litzatekeela gaur egun euskararen egoera, baldin eta euskaldun orok euskaldun berriek egiten duten ahalegin bera egingo bagenu euskara lantzen. Nabarmena da hori, begien bista-bistakoa. Nork bere hizkuntza jantzi eta hobetzeko jarrera aktiboa behar genuke eduki euskaldunok, euskara gutxituaren kontzientziak bizi gaituen heinean. Jarrera hori behar bezala bultzatu eta zabaltzeke daukagu oraindik, eta gazteen artean behar genuke sustatu batik bat.

Euskara esijitzen ere ikasi behar dugu euskaldunok. Nonahi erabili eta eskatu behar genuke gure hizkuntza, errespetuz ordea, norbaitek zerbait dagokiola argi duenean jokatzen duen modu lasai eta gizalegezkoan. Egia da askotan zaila dela jakiten zer den gutxienekoa eskatzea eta zer den gehiegi eskatzea, baina tonuan, moduan, egon daiteke gakoa (gai honen inguruan zer hausnartu eta argitu asko daukagun arren oraindik).

Bestalde, euskal enpresek euskarari arnasa ematen segi dezaten, eta gaur egun edozein hizkuntzak behar duen kultura eta enpresa azpiegitura eduki dezan euskarak, kontsumitu ere egin behar dugu euskara.

Euskara maite behar genuela irakatsi ziguten aurrena. Gero ikasi genuen batez ere erabili egin behar genuela euskara, maitatu baino gehiago. Eta gaur egun, euskara kontsumitu eta komunikatu (kontsumitzera gonbidatu) ere egin behar dugula ulertu behar genuke guztiok.

Euskara osasuntsu egon dadin nahi badugu, euskarazko produktu eta zerbitzuak kontsumitzeak lagunduko digu etorkizun hori ziurtatzen. Eta bestalde, jendea euskarara erakarri nahi dugun aldetik, premia berezia dugu komunikatzeko, euskararen errealitatea eta euskal produktuen erakargarritasuna gizarteratzeko lan egiteak mesede baino ez diolako egingo euskarari.

Hitzak eta ekintzak

Ekintza ugari erator daiteke lerrootan azaldutako hausnarketetatik. Bai gaur egun euskararen inguruan egiten diren ekintza batzuen norabidea zuzenbideratzeko, eta bai orain arte egin ez diren beste batzuk martxan jartzeko.

Hitzetan eta ekintzetan aintzat hartzeko zer eztabaidagai aski eskaini dudalakoan, pare bat kontu baino ez ditut aipatuko artikulu honezkero luzeegi hau bukatzeko.

Euskara gozagarri egin eta erakusteko, produktuak falta zaizkigu batetik, produktu arrakastatsuak; eta euskarazko eredu erakargarriak ere bai, bestetik.

Produktu propioak behar ditugu, orijinalak, euskal ikuspegi batekin landutakoak ahal izanez gero. Edo bestela, kanpokoak baina geurera ondo ekarriak ahal bada. Hori litzateke egokiena, baina euskarazkoak eta arrakastatsuak izan daitezen behar dugu batik bat.

Saiatu behar genuke euskarazko produktu masibo eta arrakastatsuak sortu, ekoiztu eta, batez ere, ondo saltzen (komunikatzen), baita horretarako orain arte gutxi ukitutako zenbait esparrutan murgiltzen hasi beharko bagenu ere: telebista saio arinak, musika komertziala, kontsumo literatura, aisialdirako edozelango masa-produktuak…

Argi dago kultur oinarri sendoak edukitzea komeni dela aurrena, gero halako masa-merkatuetan lehiakor izaten lortzeko, kultur ondarea eta haren iraunkortasuna arriskuan jarri gabe. Ez da ahaztu behar, baina, bi mailak dituela behar-beharrezko gaur egun hizkuntza batek eta hura oinarri dituen kulturak, bietatik edaten baitu etengabe hizkuntza komunitate batek.

Euskarazko produktu arrakastatsuak sortu eta saltzeaz gainera, gurean gaur masibo eta gozagarri direnak behar bezala komunikatu eta ustitatzen ere saiatu behar genuke, eta ez euskaldun publikoari begira soilik, jakina. Badira gure artean arreta eta zabalkunde handiagoa merezi duten produktuak (kirol lehiaketa, jaialdi, ekintza eta abar), erakargarriago eta ikusgarriago bihurtzen asmatu behar genituzkeenak, komunikazioaren kudeaketa berritzaile batekin.

Produktuak gozatu egiten ditugu, eta demostratiboak dira beraz, euskararekin benetan gozatu dezakegula erakusten digutelako. Horregatik behar ditugu euskarazko produktu desiragarriak, haiek kontsumitzeko nahia sortzen dutenak. Ezer gutxirako balio du euskara frexkoa dela, modernoa dela, gozagarria dela behin eta berriz errepikatzea, gero errealitatean promesa horri eutsiko dioten produktuak ez badauzkagu. Benetan kontsumitu nahi ditugun produktuak falta zaizkigu, euskarazkoak, eta ez euskaraz daudelako kontsumitu behar ditugunak. Hedonismoarekin eta plazerrarekin lotu behar dugu euskara, gaur egungo jendeak aisialdirako hautatzen dituen produktuetan ahalegin berezia eginez.

Bestalde, euskarazko eredu erakargarriak sortzeko asmoz, esparruz esparru joan behar genuke euskara zein egoera, giro eta kasutan oraindik funtzionala eta gozagarria ez den behatu, eta gero, haietarako propio irtenbideak landu eta garatzeko. Euskara oraindik benetan goxagarri izatera heldu ez den esparrutan saiatu behar genuke, irtenbide benetan aplikagarri eta gozagarriak eskainiz, euskara egokiaren bidetik.

Komunikazioaren ikuspegitik, euskararen sustapenerako eraginkorragoa da egokitasunetik jotzea, zuzentasunetik edo jatortasunetik egitea baino. Euskara zuzenak ez du motibatzaile handiegirik eskaintzen euskara erakargarri aurkezteko; euskara jatorra lotuegia dago agian txokokeriarekin, eta gainera, gutxik dute jator moldatzeko euskal sena; euskara egokiak, ordea, eskain ditzake euskararekin gozatzeko benetako aukerak, adierazteko, eragiteko, erabiltzen baitugu hitza beti eta nonahi.

Alorrez alor joan behar dugu euskara nola dagoen –zintzotasunez– aztertu, eta gero, haietako garrantzitsuenetarako euskara egokia lantzeko. Zentzu horretan, esate baterako, nabarmena da asmatu dugula pilota mundua euskaraz gozagarri egiten. Beste muturrean, aldiz, publizitatea aipatu genezake, adibidez, euskararentzat oraindik irabazteke daukagun esparru garrantzitsu bat azpimatzearren. Eta nola gaude zineman? Eta telebistan? Eta genero jakin honetan eta hartan?…

Esan dezadan bukatzeko, bai telezaborra egiteko bai euskarazko publizitatea sustatzeko bai euskarazko edozein produktu asmatu, ekoiztu eta merkaturatzeko, zernahi egiteko, sormena behar dugula euskaldunok.

Behartuta gaude sortzaileak izatera. Ezer gutxi dagoen lekuan arrakasta lor dezaten nahi dugun produktuak sortu behar ditugulako, eta haiek gizarteratzerakoan erdal lehiakideak baino erakargarriago suertatzen asmatu behar dugulako, prozesu osoan, hasieratik bukaeraraino behar dugu sormena.

Euskaldunok eta euskarak aurrean ditugun erronka berriei aurre egiteko, sormena da gako nagusietako bat. Gero etorriko lirateke antolaketa eta planifikazio lanak, aurrekontuak, epeak…

Zeregin asko dugu euskara bizi eta hazi dadin lortzeko. Hamaika bide euskararen alde jorratzeko. Bide eta norabide guztiak, ordea, ez dira berdin emankor. Horregatik proposatzen dut lerrootan mapa hau, nondik jo erabakitzen lagunduko digulakoan.

Advertisements

2 Erantzun to “Euskara nola saldu”

  1. Juan Says:

    Egun on, Iñigo.

    Badakizu IRALEn lan egiten dudala, eta beraz, gure “bezeroak” irakasleak direla. Garai batean ikasle bihurtuta.
    Zure artikulu horren berri emateko naiz, beraiek baititugu euskararen “saltzaileak”.
    Zalantza dut. Zeu etorri aurretik ala ostean?

  2. Iñigo Fernandez Ostolaza Says:

    Kaixo, Juan:

    Irakasleei hau eskaini izan diet gaiaren inguruan, hausnarketarako abiapuntu gisa:

    https://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/2007/05/16/euskara-nola-saldu-gazteei-ikasgelan/

    Segi fin.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s