Publizitatea 2.0

Web 2.0 kontzeptua dela eta, konfiantza handiak hasi dira jartzen batzuk berriz sarean. Gero eta hurbilago omen dago sarearen indarberritzea edo haren eskutik biziko dugun iraultza.

Honezkero gizartearen gehiengo zabala dabil interneten, gehiago edo gutxiago, eta geure bizitzetara aldaketa gero eta handiagoak ari da ekartzen sarea.

2.0Komunikatzeko modu berriak ari dira sortzen, eta testuinguru horretan, batzuk dagoeneko hasiak dira marketing 2.0 edo publizitatea 2.0 ikuspegia lantzen eta aplikatzen.

Web 2.0 ikuspegiaren aldekoek nabarmentzen dutenez, interneten edozein izan daiteke informazio sortzaile eta igorle, jendea elkarlotzen du sareak, eta aurrerantzean, edozein marka edo produkturen inguruko informazio ugari partekatuko dugunez, publizitateak zintzoagoa, egiazkoagoa, izan beharko du.

Sareari esker, informazio asko izan dezakegu minutu bakarrean, eta berehala ezeztatu edo jar dezakegu zalantzan iragarkiren batean entzundakoa. Iragarleek ezingo dituzte, hortaz, beren produktuen ahulguneak hain erraz ezkutatu.

Informazioaren jarioa ez da goitik beherakoa izango soilik, behetik gorako komunikazioa indartzen hasia baita sareak eskaintzen dituen aukerei esker. Alde horretatik elkarrizketak izango dira merkatuak aurrerantzean, The Clue Train Manifesto ezagunak dioen bezala.

Talde demografiko zabal eta inpertsonalei mezuak igorri beharrean, benetako gizakiez osatutako talde mugatuagoekin elkarrizketan bizitzen asmatu beharko dute markek. Hurbilagoak eta gardenagoak izan beharko dute, beraz, jendeari benetako “informazioa” eta arreta eskainiz.

Hitz batean esateko, markek oso kontuan izan behar dute sarea eta hark eskaintzen dituen aukera guztiak, bai aukera horiek beren alde erabiltzeko eta bai jendeak beren aurka erabil ez ditzan. Horrek ez du esan nahi, ordea, sarearen erabilpen on bat egiten asmatu behar dutenik soilik. Jendearen eta marken arteko komunikatzeko modua goitik behera hasi da baldintzatzen sarea.

Eta pixkanaka bada ere, hasia da publizitatea egoera berrira moldatzen. Donuts Light-ekin gertatu dena, esaterako, adibide polita da zentzu horretan.

Beren produktu ezagun eta borobilenaren light bertsioa atera zuten Panrico enpresakoek, Donuts originala bezain ona zela esan zuten kanpaina potolo batean (horretarako, publizitate “tipikoa” eginez, modelo batekin eta abar), baina berehala jabetu ginen Donuts zaleak txarra zela produktu hura.

Sarean, foroetan, blogetan, askok kritikatu zuten produktua. Eta orain gutxi komunikazio estrategia aldetik deigarria den iragarki batekin atera dira Donutsekoak, esanez historian zehar gauza on asko eta asko izan direla aurrenekoan gaizki egin direnak, baina oraingoan baietz, bigarrengoan, asmatu dutela.

Hau da, zintzotasunez atera dira bigarrengoan, aurreko hankasartzea onartuz, eta jendea produktu berria probatzera gonbidatuz. (Nahiz eta baten baten ustez, oraindik ere ez duten zuzenegi jokatu).

Publizitatea 2.0-rako zubian, Aquarius ari da suertatzen adibide eredugarriena seguru asko. (MTVren “Amo a Laura” sonatuaren adibide berezia aparte utzita).

Aquariusekoek marketinaren garaia amaitu dela sinestarazi nahi izan ziguten aurrena, batere publizitarioa ez zirudien tonu hurbil eta atseginean. Bere kabuz katedral bat sortzen ari omen den gizon xume baten istorioarekin lotu zuten gero beren produktua. Eta orain, berriz, kanpaina benetan erakargarri eta interesgarria egin dute Aquarius produktuaren “Versión 3” delakoa aurkezteko.

Publizitate ibilbide benetan arrakastatsua ari dira egiten Aquariusekin: protagonismoa jendearengan jarriz, zintzotasuna agertuz, jendearekin konplizitatea bilatuz, hurbiltasuna erakutsiz… Eta telebista eta sarea modu berritzailean lotuz.

Garai berriak datoz, bai. Komunikazioaren eta marketinaren esparruan, oro har, eta publizitatearenean ere bai zehatzago.

.- Publizitatea 2.0-ri buruzko apunte batzuk.
.- Publizitatea 2.0-k ahoz ahoko komunikazioa du oinarrian.
.- Marketing 2.0-ri buruzko sarrera bat.
.- Marketing 2.0-ren “zazpi arau nagusiak“.
.- Marketing 2.0-ri buruzko blog interesgarri bat.
.- Marketing 2.0-ri buruz gehiago.

Advertisements

Laburpen hitzak: ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s