Nire etxea, nire erreinua

Interpretazio asko eta askotarikoak egin dira Arestik “Nire aitaren etxea” idatzi zuenean gogoan zer izango ote zuen asmatu nahian. Bi irakurketa egin ohi dira ordea, nagusiki, poema ezagunaren gainean: batzuen ustez, euskara da batik bat –euskal kultura– Arestiren “aitaren etxea”; euskal nazioa, berriz, beste batzuentzat.

Anjel Lertxundi: “Nago Arestiren proklamak euskara eta euskal tradizioa zituela gogoan. (…) Harri eta herri eta Arestiren produkzio poetikoaren zati garrantzitsu bat euskaraz eta gaztelaniaz dago. Bietan, Arestiren etxean maitasunez kabitzen baitzen gaztelania ere”.

Beste iritzi batekoa da Koldo Izagirre, Harri eta herriren hitzaurrean, “Nire aitaren etxea” poemaz ari dela hain zuzen ere: “Gure naziotasuna aldarrikatzen da poema horretan”.

Asko eztabaida daiteke gaiaz, jakina, baina hau ez da horretarako lekurik aproposena. Nolanahi ere, -eta blog honetako gaiari lotuta: zer aurpegi jarriko luke Arestik, gaur Donostian pasiatzen, autobus geltoki gehienetan dagoen publizitatea irakurrita?…

NIRE ETXEA. NIRE ERREINUA.
Ongi etorri zure etxeko errepublika independentera.
IKEA

 

Ironiak alde batera utzita, harrigarria da, bitxia, ezohikoa, deigarria, aste honetan Donostiako kaleetan gertatzen ari dena. Ez dut kale ikerketarik egin eta ez daukat nire etxea nire erreinuadatu zehatzik, baina esango nuke euskara hutsean daudela Ikeak Donostiako autobus geltokietan dituen markesina guztiak. Bi iragarki ezberdin ikusi ditut, hogei bat markesina bai guztira, eta guzti-guztiak daude euskara hutsean.

Gertakari pozgarria da hori euskaldun patetikoontzat (lerro hauek idazten ari denarentzat bai behintzat). Are gehiago, historikoa ere bada beharbada, euskarazko publizitatearen ikuspegitik, aste honetan Donostiako kaleetan gertatzen ari dena, ez baitut uste multinazional batek halako publizitate kanpainarik egingo zuenik sekula euskara hutsean.

Egunak daramatzate hizpide ditugun Ikearen iragarkiek Donostiako kaleetan, dozenaka dira, eta leku oso agerikoetan daude gainera. Ez dut inon irakurri haien gaineko iruzkinik, iritzi onik edo balorazio positiborik…

Zergatik gara hain “aktiboak” euskaldunak, euskararekiko begirune falta kritikatzerako garaian, eta hain “pasiboak”, euskararen normalizaziorako eredugarriak diren jokabideak txalotu, goraipatu edo saritzeko? Gurea bezalako egoeretan jarrera defendatzailea areagotu egiten delako eta jarrera seduzitzailea herdoildu?…

Luze eztabaida daiteke gai horretaz ere, jakina, baina hau ez da horretarako lekurik aproposena. Bi gauzatarako balio nahi lukete lerro xume hauek: bat, IKEAk aste honetan Donostian euskara hutsez publizitatea egiteko hartu duen erabakia txalotzeko (jakin dezatela lanparatxo bat gutxienez erosiko diedala horregatik bakarrik); eta bi, euskalgintzan diharduten erakunde, gizarte-eragile eta gizabanakoak halakoak saritu eta publikoki txalotzera gonbidatzeko.

Joan den astean Aresti berbiztu balitz, ez dakigu zein pentsakera politiko izango ote lukeen gaur; poemarik idatziko ote lukeen; zer iritzi izango lukeen publizitatearen inguruan; erosiko ote lukeen azalera handiko saltoki guneetan… Nago, ordea, zeharo harrituta geratuko litzatekeela IKEA bezalako multinazional bat publizitatea euskara hutsez egiten ari dela ikusita, poztu egingo litzatekeela eta zer pentsatua emango liokeela.

Advertisements

Laburpen hitzak: ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s