Marka maitagarriak

Publizitateak ez du gezurrik esaten normalean. Kontuan izanda egunero-egunero plazaratzen den publizitate pila, oso-oso gutxi dira engainagarritzat edo desleialtzat jotzen diren iragarkiak. Hori bai, publizitateak saldu asmo duen produktuaren edo markaren alde onena bakarrik erakusten du beti. Eta ahalik eta modu deigarri eta ederrenean egiten du gainera.

Ez al da horixe bera jende asko eta asko Facebook, Twiter, Tuenti , Linkedin eta abarretan egiten ari dena?…

Eta ez naiz ari plataforma horiek bere burua saltzeko edo promozionatzeko baliatzen dituztenaz soilik. Erabiltzaile gehien-gehienei buruz baizik.

zu marka saresozialetanErrealitatea aldatzeko, manipulatzeko, hobetzeko erabiltzen da Photoshop, bistan denez. (Emakume bat ederrago aurkezteko, Osasunaren futbol zelaitik ikurriñak desagertarazteko, gerra eraso bat ikusgarriago bihurtzeko… ). Hain begibistan ez dagoen arren, gero eta nabarmenagoa da sare sozialetako erabiltzaileek beren errealitatea itxuraldatu eta edertzen dutela gehienek sarean.

Interneten gure irudiaren jabe gara nolabait. Eta ondorioz, “mundu errealean” baino ederrago agertzen gara espazio birtualean. (Horretan saiatzen gara behintzat). Errealitatean egun onak eta txarrak ditugu, autoestimua goi-goian dugu batzuetan, beheran beste batzuetan. Sarean, aldiz, finko ditugun irudietan poza agertzen dugu gehienetan, edo interesante itxura eskaintzen saiatzen gara bestela.

Interneten pertsonaia publiko bat sortzen dugu azken batean, geure marka pertsonal propioa. Orain arte itzal publikoa zutenek (aktoreek, musikariek, idazleek, famatuek…) bakarrik egin zezaketen bezalaxe.

Batzuen ustez, publizitateak ez du gezurrik esaten; are okerrago, engainatu egiten du. Eta hala izango da sare sozialetako erabiltzaile batzuen kasuan ere: gezurretan ibiliko dira asko, seguru. Beste batzuek, aldiz, justu kontrakoa argudiatzen dute: bene-benetan garena ateratzeko aukera eskaintzen digu sareak. Second life-ri esker, adibidez, errealitatean dituzten maskarak kenduta, asko dira beste errealitate bat bizitzera jolasten direnak. (Zer esanik ez txatetan dabiltzan asko).

Sare sozialetako erabiltzaile gehien-gehienak ez dabiltza, ordea, ez gezurretan inor engainatzeko, ez terapia egiten barruan duten dena ateratzeko. Sarean berak dira. Sarean “benetan” diren bezalakoak agertzen dira, baina beren alde onena erakutsiz batez ere.

Azkenean, egia esan, dena delako erreala. Baita sarean gertatzen dena ere. Errealitatearen parte baita birtualtasuna. Interneten atera ditugun beste alderdi horiek guztiak ere benetakoak dira. (Pessoaren heteronimoak guztiak egia ziren bezalaxe. Ricardo Reis, Alberto Caeiro, Álvaro de Campos, Bernardo Soares… Guztiak ziren Fernando António Nogueira Pessoaren benetako nortasunaren zati).

Hankabiko arruntak komunikatzaile bihurtu garenean, gutako bakoitza marka bat dela konturatu gara. Eta nor bere buruaren irudia zaintzen hasi gara nola edo hala. Hori da, nire ustez, kultura digitala ekartzen ari den berritasun garrantzitsuenetako bat: personal branding-aren erabateko zabalpena.

Gaur egungo gazteak kontzienteagoak dira erabiltzen dituzten medioek beren irudian duten eraginaz, eta beren marka pertsonala egoki kudeatzen ikasten ari dira azkar. Beren buruak etengabe goraipatu gabe, zeharka jokatuz, informazioa dosifikatuz, tonu egokia baliatuz… marka erakargarriek publizitatean egiten duten bezala.

Lana lortzeko? Ospetsu bihurtzeko? Hori ere bai, baina ez. Gehienak ez, nire ustez.

Denak berbera ari gara bilatzen, “mundu errealean” zein birtualean: zoriontasuna. Eta zer da horretarako behar duguna?
Besteak beste: M a i t a s u n a. Onar gaitzaten bilatzen dugu, interesa ditezela gutaz, errekonozimendua, begirunea… Maitasuna, benetakoa.

 

 

Aitor dezadan: ez dut ez Facebook ez Twiter ez antzekoren batean konturik. Blog hau nahikoa bekatu ez, eta irratian hasiko naiz bihar sudurra/mihia agertzen… Hortik beharbada hausnarketa hauek…

Interesa baduzu: Euskadi Irratian, asteartetan, 19:30etan hasita. Beste bi mahaikiderekin “askotariko gaietaz modu lasaiean hitz egiteko” (politikarik gabe). Formatoa erraza edo arrisku txikikoa delako eman diot baiezkoa Jaime Otamendiri. Probatzeko. Eta ikusiko dut eroso nagoen, balio dudan, merezi diten… Pertsona sentitzen ote naizen, eta ez hainbeste marka.

 

.- Hemen, blog honetan bertan, personal branding-az idatzi genuena.
.- Gaia serio hartzen duen bat: How to: Build Your Personal Brand on Facebook.
.- Facebook modu dramatiko-katastrofistan kritikatua.
.- Facebook modu dibertigarriagoan kritikatua.

Advertisements

Laburpen hitzak: , ,

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s