Archive for the ‘Terminologia’ Category

Publizitate-hiztegia

2005/07/25

Oporretan nagoen bitartean, etxekolanak proposatuko ditut hemen nahi dituenarentzat.

galderakPublizitatearen inguruko terminologiarekin zalantzak izaten ditugu askotan euskaldunok. Nik neuk behintzat, publizitate agentzia batean egiten dut lan, eta euskaraz egitea egokitzen zaidanetan maiz izaten ditut zalantzak gazteleraz aise ibili ohi ditudan asko euskaraz emateko.

Hitz eta esamolde batzuk erraz euskaratu ditugu, eta egoki ustez. Guk behintzat eguneroko lanean modu arruntean erabiltzen ditugu: komunikazio plana, komunikazio estrategia, komunikazio helburua, (produktuak eskaintzen duen) etekina, irudi korporatiboa, irudi kanpaina, publizitate kanpaina, publizitate euskarriak…

Horrez gain, badira hitz batzuk gazteleraz hitz egiterakoan ere inglesez erabiltzen ditugunak beti, eta euskaraz ere halaxe erabiliko nituzkeenak: briefing, mailing, merchandising, telemarketing, lay-out, product placement, OTS (Oportunity To See), display, naming, packaging…

Hitz horiek nolabait euskarara ekartzeko, briefing-a, mailing-a eta halakoak erabiltzen ditugu. Are gehiago, hitza arras ezaguna denean-edo, “espota” edo “spota” bezalako formak erabili ohi dituzte batzuek. Neuri zalantza sortzen zait horrekin, izan ere, onargarriak izango al lirateke “eslogana/slogana”, “estoryboarda/storyboarda” bezalakoak?

Badira beste esamolde batzuk, bizpahiru hitzez osatutakoak, erdixka euskaratzen ditugunak: above the line publizitatea, teaser kanpaina, follow-up kanpaina… Ez dakit erdipurdiko irtenbidea den edo balio dezakeen… Beharbada, kasuz kasu, esamolde bakoitza aztertu beharko litzateke.

Badira beste hitz batzuk gazteleraz modu zeharo arruntean ia egunero erabiltzen ditugunak eta euskaraz esateko modu finkorik ez dutenak, antza. Inglesezko target group, adibidez, público objetivo esaten dugu gazteleraz, eta xede-taldea euskaraz. Karrera amaitu berri bat baino gehiago etorri zait, ordea, “publiko helburua” esanez…

Inglesezko positioning, gazteleraz posicionamiento erabiltzen duguna, posizionamendua esaten dugu euskaraz. Reposicionamiento eta birposizionatze ere maiz erabiltzen ditugu. Gaztelerazko boceto, bozeto edo zirriborro esaten dugu, eta ajustes, berriz, doiketak. Ez dakit ez ote diren ozta-ozta harrapatutakoak horietako batzuk…

Badira, bestalde, asko erabiltzen diren hitz eta esamolde batzuk euskaraz ere behar ditugunak, eta irtenbide errazik topatzen ez dieguna. Nola emango zenituzke zuk?

– Mensajes prioritarios = lehentasunezko mezuak?
– Promesa (de la campaña) =
– Soportes de credibilidad = Sinesgarritasun euskarriak?
– Overpromise =
– Respuesta deseada =
– Creatividad = Sormena
– Creativo = Kreatibo?
– Idea creativa, concepto creativo… =
– Campaña de lanzamiento =
– Oferta de lanzamieno =
– Relanzamiento =
– Testimonial (Endorsement) =
– Folleto = Eskuorri?
– Díptico, tríptico… = Biorrikoa, hiruorrikoa…?
– Folleto díptico = Bi orritako eskuorria?
– Panfleto (flier) = Panfletoa?
– Acto de relaciones públicas = Harreman publiko ekitaldia?
– Identidad visual =
– Identidad corporativa =
– Etiquetaje =
– Arte Final = Arte finala?
– Promoción = Sustapena?
– Incentivo = Pizgarri?
– Oferta promocional =
– Regalo promocional =
– Buzoneo =
– PLV (Publicidad Lugar Venta) = Saltokiko publizitatea?
– Mecenazgo (Patronage) = Mezenasgoa?
– Prescribir, prescriptor = Aholkatu, aholkulari?
– Product Manager = Produktu Arduraduna?
– Bloque publicitario = Publizitate blokea?
– …

Hitz eta esamolde gehiago ere izango dira euskaraz nola eman ezin jakinez ibiltzen garenak, goiko zerrenda hori osatzerakoan ihes egingo zidatenak. Haietaz eta hauetaz zeresanik baduzu, gustu handiz jasoko ditugu zure iritzi eta proposamenak.