Posts Tagged ‘euskaldunak’

Zure eragina

2009/12/07

Zergatik marka potolo askok ez du euskara erabiltzen Euskal Herrian? Zergatik gutxi eta gaizki beste askok? Zer hizkuntza politika dute itzal handiko markek? Eta denda eta saltoki txikiek? Zeren arabera finkatzen dute? Eragin al dezakegu haiengan? Nola?…

Nire hipotesia sinplea da: handia da zure eragin ahalmena. Lehen itxura batean eman dezakeena baino askoz handiagoa.

Zergatik? Merkatuak elkarrizketak direlako. Beti izan dira elkarrizketak, baina orain -lehiakortasunak ekarri duen merkatuaren sofistikazioa dela medio, eta 2.0 mugimenduaren eztanda dela eta- are argi eta nabarmenagoak dira elkarrizketak.

Gero eta gehiago dira sektore guztietan: iritzi publikoa jakiteko inkestak, merkatu ikerketak, produktuen inguruko jarrera eta jokabideak neurtzeko azterketak, aldian-aldiko inkesta sektorialak, bezeroen eta bezerogaien inguruko azterketak, salmenta estatistikak, on-line behaketak…

Hau da, kale bazterretan jartzen ari diren kameren bitartez baino gehiago dakite zutaz enpresek, gizarte-ikerketa teknika horiei esker. Eta zu zelatatzen ari dira etengabe. Haientzat balore handikoa zarelako, inoiz ez bezain adi bizi dira gizartean, beren sektorean eta beren produktuaren inguruan egiten eta esaten duzun guztiarekiko.

Euskaraz bizi nahi dugun guztiontzat aurrerapauso handia litzateke nonahi eta noiznahi ikusten dugun publizitatea euskaraz (ere) argitaratuko balitz. Horrek, besteak beste, presentzia askoz zabalagoa emango liokelako euskarari plaza publikoan eta gure bizitzetan.

Eta euskaraz bizi nahi dugun guztioi komeni zaigu nahi hori –euskaraz bizitzeko nahia– erakustea, nabarmentzea, agerian jartzea. Enpresek mezua jaso, eta elkarrizketan euskaraz erantzun diezaguten.

600.000 omen gara euskaldunak. Ez dakit horietatik zenbat izango ote garen euskaldun patetikoak. Ehun mila? Hirurehun mila? Asko, kopuru benetan garrantzitsua edozein kasutan, Euskal Herriko merkatuan eragiteko. Igarriko balitzaigu…

Asko zelatatzen zaituzte. Askok. Zuk uste duzuna baino gehiago inporta zaie zer gustatzen zaizun eta zer ez, zer saritzen duzun eta zer ez… Adi daude dendariak zuk zer egingo, zer hizkuntza erabiliko. Erne daude marka handietako marketing arduradunak zuk zer saritu, zigortu, esan edo eskatuko.

Horregatik, uste zenuena baino askoz handiagoa da zure eragina.

Advertisements