Posts Tagged ‘historia’

“Mintzatzen da euskaraz”

2006/04/24

mintzatzen da euskaraz“Mintzatzen da euskaraz”. Hala omen zioen Credit Lyonnais banketxeak 1905ean, leku nabarmenean, marmolezko plaka batean eta urrezko letraz, Donostian jarri zuen iragarkiak. Eta izenburu hori jarri zion Koldo Izagirrek “Euskararen Historia txikia Donostian” liburuan publizitateari eskaini zion atalak.

Euskarazko publizitatea kanpotik etorri zela azpimarratuz hasten du bere saioa Izagirrek:

Harrigarria da batzuetan, nola asmo komertzial azkar batek euskaldunago egiten duen atzerrikoa bertakoa baino: egun, Iparraldean, Credit Agricole-k euskarazko zerbitzua eskaintzen du -terminologia askoz ere jatorragoan Hegoaldeko kutxa guztiek baino- diru-emaile automatikoetan, baina ez ordea Banque Inchauspek.

Euskarazko publizitatearen historian (Donostiakoan behintzat) lauzpabost aro bereizten ditu Izagirrek:

.- Euskarazko publizitatea prentsa modernoaren sorrerarekin dator, eta Eskualduna, Euskalzale eta Ibaizabal haiek apurka handituz joan ziren alorra aski betea ageri zaigu 1921az geroztik, Argia asterokoari esker.

.- Euskarazko publizitatearen bigarren aroa, Donostian, El Día eta El Pueblo Vasco egunkariek markatzen dute, 1930etik aurrera. Hauetan, ordea, Euskal Orria izeneko atalean ageri ziren beti iragarkiak, ez egunkarien gainerako orrialdeetan. Erdarazko egunkari nazionalista edo filonazionalistetan euskarak izan duen txokoan beti ere, euskarari berari ordainduriko zerga bailitzan, ez publizitate hutsa.

.- Euskararen publizitate ahalmena urria zen, eta izugarri markatzen zuen: ezin diogu merkatarien txepeltasunari egotzi euskarazko publizitatea urria izana franskismoan.

.- “Irabazi hutsezko helburua gaindituz, hiritarren alde” jardungo zuen hirurogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetan, Ataundik Donostiara Bartzelonan barrena iritsitako jostun batek. Maila ikusgarrira eraman zuen euskarazko publizitatea, afixa erraldoietan eta aldaera ugarirekin: “Jostunaren eskua”, “Donostiako estiloa”… Hipermerkatuek iritsi beharko zuten, Auzmendiren publizitatearen maila gainditzeko baliabide erraldoiei esker.

.- Akats ortografikoak, gaztelaniarekiko dependentzia, itzulpen desegokiak… elebitasunaren itxurazko legea betetze alde eginiko lanak ikusten ditugu maiz (gaur egun), batere asmo zehatzik gabekoak, euskarak berez komunikatzeko balio ez balu moduan, edo aldez aurretik erabakia balego bezala euskaldunak ez duela euskarazko testua irakurriko…

1998. urtean idatzi zituen hitz horiek Koldo Izagirrek, eta hanka sartzeko inongo beldurrik gabe esan daiteke gaur, zoritxarrez, antzeko moduan jarraitzen dugula oraindik ere euskarazko publizitateari dagokionez.

Gaur egun gazteleraz sortzen dira iragarkiak, euskaraz ere funtzionatu beharko dutela kontuan hartu gabe gainera; onen-onenean, txukun euskaratzen dira, euskara zuzenaren ildotik; ez dute jatorrizkoaren graziaren erdirik izaten; eta zeharo arruntak dira akatsak, itzulpen desegokiak…

Konturatzen al gara publizitatea euskaraz egoki lantzeak gure hizkuntzari egin diezaioken mesedeaz? (Nonahi dago publizitatea, uneoro, jolas egiten du hizkuntzarekin, hiritarra da, modernoa…).

Eta nork joko du iragarle eta iragarkigileengana publizitatea euskaraz egoki landu dezaten konbentzitzera? Noiz?…

Advertisements