Posts Tagged ‘Komunikazioa’

Energia eta sormen urbanoa

2010/07/24

Arrazoi asko eta asko daude “edari energetikoak” begi txarrez edo behintzat mesfidantzaz hartzeko. Neuk ez ditut gustuko, eta nire asmoa ez da, beraz, inondik ere haiei hemen publizitatea egitea.

Kanpaina benetan ikusgarria ari dira egiten, ordea, Burn sustatzeko, edo hobeto eta zehazkiago esanda, marka horrentzako posizionamendu egoki eta erakargarri bat lortzeko; eta uste dut merezi duela egin dituzten hiru dokumental laburrak ikusi eta gozatzea eta, gero, hausnarketatxo bat egitea, labur-labur bada ere.

(Hemen aipatu genituen “Orain” dokumentalen eitea hartu diet dokumentalei, bide batez esanda).


. Boligrafoak atabaltzat dituen raperoa, hiri bazter guztiei musika ateratzen.


. Kale eta parkeetan elurra nahi modura jarri eta snowboard egiten duten neskak.


. Hirian su eta gar, literalki sutan dabiltzan patinatzaileak.


Sidneyko
Publicis Mojo publizitate agentziak, iragarkiak beharrean, dokumentalak egin eta zabaldu ditu Burnentzat, benetakotasuna eta sinisgarritasuna lortzeko. Eta marka, zuzenean ere bai (produktuaren webgunean), baina batez ere zeharka ari dira saltzen (mundu osoko 65 sare sozialetan eta markaren izena bitan baino agertzen ez den dokumentaletan).

Beste bat da, ordea, kanpaina honen ekarpen nagusia: bereiztea erraza ez den sektore batean, Burn markari posizionamendu eta nortasun berezia ematen asmatzea, edari energetikoen esparruan ohikoak diren gazteak eta arrisku-kirolak beste modu batera enfokatuz (autoak, motorrak, sexua, musika gogorra… baztertuz), eta sorkuntza urbanoarekin (erakutsi nahi) duten konpromisoa agertuz.

Espazio urbanoa eraldatzen duten kirol edo joera artistikoen aldeko apustu hori mugatu(egi)a irudituko zaio norbaiti beharbada. Gaur-gaurkoak eta hain alternatiboak ez diren jarduera gehiagori lotuta agertzea komeni zaiela.

Komunikazioaren lege orokor bat izan daiteke beharbada: “benetan” bereizten zaituena oso gutxi denean, egin apostu nortasun eta irudi berezia emango dizun talde baten alde. Baina berezitasun zeharo nabarmena duzunean (euskaldunak, adibidez, hizkuntz zeharo ezberdin batek bereizten gaitu), orduan saihestu talde soil batekin lotutako irudia ematen.

.

.

. Bideoak kalitate onean ikusi edo jaisteko:
mojothings.com