Posts Tagged ‘markagintza’

Marka zara, gero

2006/12/19

Pertsona zara aurrena, jakina, baina marka ere bai gero.

Nicole Kidman, David Beckham, Madonna edo Woody Allen markak diren bezalaxe, markak gara gainontzekoak ere. Bakoitza bere mailan, jakina. Baina guztiok dugu nortasuna eta irudia, eta haien araberako erakargarritasun maila nork bere xede-taldeen aurrean.

marka zaraGuztiok dugu izakera jakin bat, hizketa modu identifikatzaile bat, agerkera zehatz samar bat. Eta onartu egin behar genuke lasai, konplexurik gabe, komunikazioaren ikuspegitik begiratuta, markak ere bagarela.

Guztiok zaintzen dugu gure irudia, gehiago edo gutxiago, hobeto edo okerrago, lankideen eta bezeroen aurrean, lagunen artean,… Nork bere marka kudeatzen du, gutxi gorabehera eta intuitiboki normalean. Hura kontzienteki eta egoki landuz gero, ordea, aukera askoz gehiago dago emaitza onak lortzeko. Personal branding esaten diote horri komunikazioaren eremuan.

Personal branding is the art of attracting and keeping more clients by actively shaping public perception. You can control the way you´re perceived by the community you serve. (Peter Montoyak, hemen).

Kontua ez da nork bere burua nola edo hala “saltzeko” taktikak aurkitzea, edo besteen gustukoa izateko zein itxura eman aztertu, eta gero hura antzezten saiatzea. Kontua ez da irudi bat asmatzea, inor engainatzen saiatzea. Gezurrak hatsa laburra baitu, jakina denez. Horregatik, urruti samar iritsi nahi badugu behintzat, garenaren eta pentsatzen eta egiten dugunaren isla izan behar du nolabait geure buruaz -hitzekin, janzkerarekin,…- adierazten dugunak.

Zertarako balio du personal branding-ak? Lanpostua lortzeko, mantentzeko, hobetzeko; bezeroak erakartzeko, irabazteko, maitemintzeko,… Hitz batean esanda, besteek norberaren lana gogoz eta begi hobeagoz ikus dezaten lortzeko.

Marka pertsonal bat enpresa marka bat baino indartsuagoa izan daiteke gainera, enpresetan baino konfiantza handiagoa izaten baitugu pertsonengan, eta haiekin izaten baitugu hartuemana, azken batean.

Profesional homogeneoen munduan, bereizi egiten gaitu marka pertsonalak gainontzekoengandik. Ezberdindu egiten gaitu, nabarmendu. Horretarako, baina, jakin egin behar da nola ikus gaitzaten nahi/behar dugun, nor garen, nor dugun xede-talde nagusi, eta norberaren zein ezaugarri izan daitezkeen talde horrengan eraginkor.

Norberaren posizionamenduak izan behar du argia, zehatza, gai edo ezaugarri jakin baten ingurukoa, parekorik gabea, eta ahal bada, modu berezian emana. (“Orioko bardoa”, esaterako, ez al da posizionamendu argia eta zehatza (herri poeta), gai baten ingurukoa (euskal musika) eta modu berezian emana?…)

Guztiok dugu etiketa bat, eta jarriko diguten etiketa kontrolatzen saiatzea da, azken batean, personal branding-a. Horretarako, baina, komeni da komunikazioaren arauak ezagutu eta errespetatzea, batez ere komunikaziorako sen berezirik ez denean.

Nork ez du bilatu, jakinmin hutsagatik besterik ez bada ere, bere izena Googleen?… Blogariek, orohar, ez al dute idazten sarean, plaza publikoan, nork bere marka pertsonala lantzeko?… Suerta al daiteke arrakastatsu gaur egun marka pertsonala egoki lantzen ez duen -idazle, zinegile, musikari, artista, zerbaitetan “aditu” den- bat?…

.- Artikulu franko dago han eta hemen personal branding-a gora eta behera.
.- Artikulu luzeagoak baina gomendagarriagoak dira agian hau, beste hau eta batez ere hau.
.- Gaiari buruzko eduki ugari eskura daiteke hemen.

Advertisements