Posts Tagged ‘telebista’

Orain, nahi eta behar dugulako

2010/05/13

Sarean han eta hemen zabaltzen hasi denez, Orain “telebista saioa” kendu egin behar omen du EiTBk. Ez da egia izango. Sarean saioaren aldeko uholde bat sortzeko propio sortutako kanpaina biral bat izango da, bestela ezin ulertu.

10 minutuko pieza berritzaileak dira Orain dokumentalak, kalitatezkoak, estetika oso zaindua dutenak, inguruko artista, diseinatzaile, ilustratzaile, kantari… ugari ezagutzeko parada eman digutenak, eta arrakasta izan dutenak. Etb3n, 22:00etan ematen dituzte (zituzten?).

Euskarazkoak dira dokumental horietako gehienak. Batzuetan gazteleraz sortutakoak euskarazko azpitituluekin, baina euskarazkoak gehienak, etb3 bezalako euskarazko hedabide batentzat enkargatutako edozerk behar lukeen bezala.

Arrakasta lortu dute saio horiek gazte eta ez hain gazte askoren artean. Ez dauzkat audientzia datuak, baina bai zenbait zantzu: sarean batetik bestera ibili diren saioa ikusteko gomendioak; euskara ez dakiten edo jakin bai baina erabiltzeko ohiturarik ez duten askori entzundako laudoriozko hitzak; EiTBk telebistatik kentzeko erabakia hartu omen duenean, saioaren alde egiteko sarean han eta hemen berehala sortu diren mezuak… Gutxitan ikusi ditugu euskarazko saio bat kendu ez dezaten eskatzeko mezuak gazteleraz.

Arrazoi dezente eman dira Orain dokumentalek jarrai dezaten eskatzeko (hemen adibidez). Baina euskalzaletasun hutsetik begiratuta, bestelako arrazoiak -eta ez nolanahikoak- ere eman daitezkela uste dut:

. Estetika oso zaindu dute Orain dokumentalek, eta euskarari frexkotasuna eta prestigioa ematen ekarpena egiten dute.
. Normalean hedabideetan presentziarik ez duen jende euskaldun interesgarri asko ematen dute ezagutzera.
. Euskarazko komunikabideak kontsumitzeko ohiturarik ez duten gazteak erakartzeko gaitasuna dute.
. Hemen bizi garen hizkuntza komunitate ezberdinetako pertsonen artean zubigintza lana egiten dute, espazio konpartituak sortuz.

Euskara sustatzeko, euskarazko produktu erakargarriak behar ditugu. Beti izan eta esan dut hori argi.

Horregatik, ez dakit hau dena Orain saioaren aldeko uholde bat sortzeko propio sortutako kanpaina biral bat ote den (nahi nuke); baina badaezpada ere, merezi du Debolex ekoiztetxeak sortu dituen ikusentzunezko pieza frexko hauen aldeko ur tanta bat gehiago jartzea hemen.

Ea sarean han eta hemen erortzen utzitako tantek EiTBren egoitzaraino helduko den olatua sortzeko gai diren.

Saretik kanpo ere hasi dira batzuk Orain dokumentalen aldeko “publizitatea” egiten.

Advertisements