Euskaltel penagarri

Euskaltelekoa dut telefonoa. Ez galdetu niri zergatik, ez baitaukat oso argi: dagoeneko ez duelako kobertura txarra; merkeenen artean ez dagoen arren, hemengo jarduera ugari babesten dituelako; euskaraz egiten didalako…

Blog honetan askotan autozentsuratzen dut neure burua. Lehiakideei zor zaien begiruneagatik, bezero izan nuenak haserre idazten dudala pentsa ez dezan, bezerogai izan daitezkeenak ez uxatzeko, euskalduntze bidean urratsen batzuk ematen ari direnak ez desmotibatzeko… Baina pazientzia galarazi dit Euskaltelen azken iragarkiak.

Llámala din don, llámala din din don…” Nola eman daiteke euskaraz iragarki hori?… Publizitatea euskaraz egitea al da, mezuaren zati bat gazteleraz eman ostean, iragarki amaieran euskarazko errotuluak eta lokuzioa jartzea?…

SOS freaks kanpaina hura ere, iragarki osoan zehar gaztelera hutsean jardun ostean (hemen letra), amaieran euskarazko errotulu eta lokuzioa sartuta, euskarazko publizitatea al zen?

Erantzun dezagun argi eta garbi: ez, hori ez da euskarazko publizitatea. Publizitate diglosikoa da hori. Euskara erdararen menpe jartzen duelako, eta iragarkiaren “euskarazko bertsioa” ulertzeko gaztelera jakin behar delako derrigorrez.

Joera handia du Euskaltelek bere iragarkietan kanten letrekin jolasteko. Ez da hori hemen salatzen ari garena. Bai, ordea, hori beti gazteleraz, eta gazteleraz bakarrik egitea.

Las Grecas taldearen kanta bat oinarri hartuta egin zuten “Ná de ná de ná, ná de ná de ná…” iragarki haren “euskarazko bertsioak” ez du funtzionatzen. “Me estoy volviendo loco” kanta oinarri zuen iragarkia ere batez ere gazteleraz eman ziguten euskaldunoi. Berdina egin zuten baita ere “¡Únete a la banda!” iragarkiarekin. “Ti llamo” iragarkiko hitz-joko italiar-espainiarra ere ezin itzuli euskarara. Eta “¿Olentzero o Reyes?” telebista saio itxura zuten iragarki haiek, aurkezle lanetan Carlos Sobera zutelako-edo, gazteleraz bakarrik egin eta eman zituen Euskaltelek.

Kanpaina horien atzean dauden erreferente kulturalei erreparatu gabe ere, zeharo salagarria da Euskaltelek bere publizitate kanpaina gehienetan euskarari eta euskaldunoi eskaintzen digun tratamendua.

Euskaltelentzat lan egiten duten kreatiboak, edo publizitate agentzia, izan daitezke euskal herritarrak, espainolak, suediarrak, marokoarrak edo beste edozein lekutakoak. Baina Euskaltelek jakin behar luke haiei irizpide argiagoak finkatzen. Multinazionalek beren publizitate agentziekin egiten duten bezalaxe, nazioartean egingo duten kanpaina batek hizkuntza bat baino gehiagotan inolako arazorik gabe funtziona dezan bermatuz.

Euskaltelen “publizitate-kanpainek elebidunak izan behar dute”, hala dio enpresak berak bere webgunean, “hizkuntza-politika” atalean. Baina hori ez da nahikoa, jarri ditugun adibideek argi erakusten dutenez. Euskaltelek jakin behar luke bi hizkuntzetan sinatu eta zabalduko dituen publizitate kanpainak, ele bietan “egon” ez ezik, ele bietan “funtzionatu” ere egin behar dutela.

Estoy on line” behin eta berriz zioen iragarki hura, adibidez, “on line nago” entzun genuen euskaraz, eta bi hizkuntzatan ondo funtzionatu zuen iragarkiak. Baina salbuespena izan zen hura, erregela tristea berresten duen salbuespena. Atera ditugun adibide horiek berak bakarrik nahikoak baitira Euskaltelek publizitatean hizkuntza-politika onik ez duela agerian uzteko.

Euskara Plana du Euskaltelek, eta bertako langile asko ari da ahaleginak egiten euskara ikasi eta erabiltzeko. Nire txalorik zintzoenak haientzat guztientzat. Lan hori guztia ezertan geratzen da, ordea, publizitate kanpainetan, -kanpora begira enpresa batek egin ditzakeen komunikazio ekintzarik ikusgarrienetan-, horrela jokatzen badu Euskaltelek. Gazteleraz pentsatuz beti, gero kanpainak euskaraz ere funtzionatu behar duela kalkulatu gabe gainera, eta azkenean, euskara menpekotasun erabatekoan zabalduz gehiegitan.

Ez al da harrigarria publizitatea ele bietan egiten hamar urte baino gehiago daramatzan enpresa batean oraindik halakoak gertatzea? Euskara Planek ez al dute kontuan hartzen enpresak egiten duen publizitatea? Euskararen presentzia bermatzera mugatzen al dira Euskara Planak? Zilarrezko Bikain ziurtagiria atera daiteke publizitatean hala jokatuta? Hain zaila al da iragarleek beren publizitate agentziei hizkuntza-irizpide argiak finkatzea?…

Laburpen hitzak: , ,

6 Erantzun to “Euskaltel penagarri”

  1. Jon Says:

    Arrazoi osoa daukazu. Oso ondo arrazoitu duzu gainera. Sensibilidade oso gutxi dago euskararen inguruan, eta gainera gu gauzak euskaraz egotearekin konformatzen gara. Bada garaia euskaldunok ondo trata gaitzaten eskatzeko bai publizitatean bai komunikabideetan bai unibertsitatean bai leu guztietan…

  2. Itzain Says:

    Pozten gara bizirik eta bizi-bizi jarraitzen duzula ikusita.
    Oso interesgarriak iruditzen zaizkigu artikulurik gehienak. Segi bizkor!

  3. Xabi Paya Says:

    Kaixo, Iñigo,
    Artikulu ederra. Estimatzen dizut erantzuna: udako ikastaroan enpresen posizionamenduari buruz genbiltzala Euskaltel aipatu nizunean kasua berezia zela erantzun zenidan, hemen azaldu duzun bezain berezia. Animo, hasieran bertigoa ematen du Euskaltel uzteak, baina ez du minik ematen. Ondo segi!

  4. euskeraikasi Says:

    Euskarari buruzko blog honi begirada bat botatzea gomendatzen dizuet (egin klik ezizenean)

  5. Iñigo Fernández Ostolaza Says:

    Sustatun ere argitaratu da artikulua, iruzkin batzuk jaso ditu, eta neurea idaztera behartuta sentitu naiz:
    http://sustatu.com/1261982675

  6. Maite B Says:

    Arrazoi osoa!!!Okerrena da bakar batzuk soilid ohartzen direla….
    aunitz gustatzen zait bloga!

Utzi iruzkina